argia.eus
INPRIMATU
Kutxabankek aurkako sei epai jaso ditu, hipoteka maileguetan HMEI aplikatzeagatik
  • Hipoteka maileguen erreferentzia indizea (HMEI) 2013ko azaroaren 1ean desagertu zen legez, baina Kutxabankek bere mailegatuei indize hori aplikatzen die oraindik. Aste honetan sei kontrako sententzia jaso ditu entitateak.

Nerea Ibarzabal Salegi 2014ko azaroaren 19a
Dagoeneko bederatzi dira “HMEI Stop Gipuzkoa” talde juridikoak epaitegietan lortutako sententziak. (Arg: eldiario.es)

Indize hori ezartzeak mailegatuek hilean 300 euro inguru gehiago ordaintzea suposatzen du. 30 demanda judizial bateratu jaso ditu Kutxabankek HMEI dela eta, baina Gipuzkoan bakarrik 15.000tik gora familia kaltetu egon daitezkeela adierazi du El Diario Nortek.

“Bidegabe kobratutako kantitateak” itzultzera kondenatu dute Kutxabank, eta azken sei horiek batuta, dagoeneko bederatzi dira “HMEI Stop Gipuzkoa” talde juridikoak epaitegietan lortutako sententziak.

Kutxabankek indize hori kobratzen jarraitu nahi du mailegatuen kredituaren hurrengo berrikuspenera arte, El Diario Norteren arabera. Datozen egunetan entitatearen aurkako sententzia gehiago egon daitezke.