argia.eus
INPRIMATU
Kutxabankek akordioa sinatu du Madrilgo Alantra inbertsio bankuarekin, “hazteko” estrategia berriaren baitan
  • Kutxabankek inbertsio bankuen sektorean sartzeko pausoa eman du eta akordioa sinatu du sektore horretako Espainiako Estatuko eta Europako eragile nagusienetako batekin, Alantra sozietatearekin. "Enpresen merkatuan" presentzia handiagoa izatea litzateke helburua.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko uztailaren 13a
Kutxabanken Bilboko egoitza. Geografikoki haztea da orain pribatizaturiko bankuaren helburu nagusietako bat. Argazkia: Bilbaopedia

Duela bi hilabete Anton Arriola Kutxabankeko presidenteak marraztu zuen finantza erakundearen ibilbide berria: "Hazi egin behar dugu, Euskadiko mugetatik kanpo hazi behar dugu". Eta badirudi ez zela gezurretan ari. Alantra, Espainiako Estatuko inbertsio banku nagusietako batekin –inbertsio banku multinazionalak kontuan eduki gabe– akordioa sinatu berri du.

El Diario Vasco egunkarian irakurri dugu albistea. Helburua litzateke "enpresen merkatuan" joko gehiago izatea eta horretarako fusioak, erosketak  eta finantzazio operazioak kudeatzen dituen sozietate horren babesa izatea.

Orain arte Norbolsaren bidez egin ditu operazio horiek Kutxabankek, berak parte hartzen duen enpresa bat, baina handira jokatu nahi duenez –"geografikoki eta jardueren bidez hazi behar dugu"–, Madrilgo inbertsio bankuarekin egin du tratua.

Alantra arrisku kapitaleko inbertsioetan ere espezializaturik dago, eta baditu arlo horretan bezero esanguratsuak, Panorays ziberzegurtasuneko enpresa israeldarra kasu

Alantrak ia bostehun langile dauzka 21 herrialdetan barrena hedatutako bere bulegoetan. Arrisku kapitaleko inbertsioetan espezializaturik dago eta baditu arlo horretan bezero esanguratsuak. 2023ko martxoan, adibidez, zibersegurtasunarekin negozioak egiten dituen Panorays enpresa israeldarraren partaidetza bat erosi zuen 33N Ventures arrisku kapitaleko bere filialaren bidez.

Aldaketak barruan ere

Inbertsio bankuekin akordioak sinatzea ez da izan Kutxabanken neurri bakarra bere estrategia berrian. Negozio minoristaren eta enpresen sareko arduradunak aldatu egin ditu, pasa den astean ohar bidez jakinarazi zuenez.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen arlo horretako lurralde-zuzendaritzak berritu ditu aurrezki kutxa publikoen fusioaren ondoren pribatizaturiko bankuak, bere "hazteko eta errentagarritasuna hobetzeko helburu estrategikoaren baitan".