Hipoteka maileguen erreferentzia indizea (HMEI) aplikatzeagatik jarri dizkioten salaketek aurrera eginez gero, Kutxabankek 100 milioi euro itzuli behar dizkie kaltetuei, HMEI Stop Gipuzkoa plataformak egindako kalkuluen arabera. Indize hori 2013an desagertu zen, baina entitateak bere mailegatuei aplikatzen die oraindik.
30 demanda judizial bateratu jaso ditu Kutxabankek azaroan HMEI dela eta. Hirian.com-ek jaso duenez, HMEI Stop Gipuzkoak kalkulagailu bat sortu du, mailegatuek jakin dezaten bankuak zenbat diru itzuli beharko lieken.
“Guztira 100 milioi euro bueltatu beharko lituzke Kutxabankek, familiako 10.000-15.000 euro artean”, azaldu du plataformak.
Presidente berriarekin negoziatzeko prest
Diru kantitate hori itzultzeak Kutxabankentzat izan ditzakeen ondorioak kontuan hartuta, Gregorio Villalabeitia presidente berriari “eskua luzatzeko prest” dago HMEI Stop Gipuzkoa, negoziazioari begira.
Baldintza batzuk eskatzen ditu horretarako, Xabier Iturbe Kutxako presidentearen dimisioa eta HMEIren ondorioz kaleratutako pertsonei etxea itzultzea, besteak beste.