argia.eus
INPRIMATU
Kutxabank kasuaren epaia: helburua betetzat jo du herri akusazioak
  • Bizkaiko Probintzia Auzitegiko 6. atalak bidegabeko jabetzeagatik Mario Fernandez, Mikel Cabieces eta Rafa Alcorta zigortu ostean, erreakzio ugari izan dira. Epaiketan inplikatuek beren balorazioak adierazi dituzte, eta indar politikoek erantzukizunak eskatu dituzte.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko martxoaren 21a
Kutxabank auziko epaiketa. Irudian Mikel Cabieces, Rafael Alcorta eta Mario Fernandez (Argazki Press / Aritz Loiola)

Epaileak frogatutzat jo du mundu politikoko pertsona garrantzitsu bat Fernandez Kutxabankeko zuzendari ohiarekin kontaktuan jarri zela Espainiako Gobernuko ordezkari Cabiecesi lanbide bat eskaintzeko. Cabiecesek 6.683 euro jaso zituen hiru urtez abokatu gisa bete ez zuen lan batengatik.

Herri akusazioak —LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru, EKA eta Euskal Herriko Pentsiodunen Plataforma— poza adierazi du. Euskal kutxen pribatizazioaren testuinguruan, mesede tratuak eta milioietako iruzurrezko soldatak zigortzea zen bere helburua. Alde horretatik, helburua bete dutela uste du, baina datozen egunetan baloratuko ditu epaiaren beste alderdi batzuk patxada handiagoarekin.

Zigorra jaso dutenetatik, Mario Fernandezek bakarrik eman du balorazioa. Zuzendari ohiak esan du bere jarduera beti izan dela legezkoa, etikoa, eta Kutxabanken interesen alde jokatu duela. Esan du nahiz eta epaia errespetatzen duen, helegitea jarriko duela. Fernandezen ustez errugabetasun-presuntzioa urratu da hasieratik, babesgabe egon dira eta epaileak ez ditu kontuan hartu prozesuan zehar aurkeztutako frogak. Hala, urte luzez landutako ohorea garbitzeko asmoa azaldu du.

Alderdi politikoen balorazioak

Alderdi politikoei dagokienez, epaiketaren ondorioez mintzatu dira. EH Bilduk esan du EAJk eta PSEk Kutxabank eta bere kapitala elkarri mesede politikoak egiteko erabili dutela, eta erantzukizun horiek ondorio politiko argiak eduki behar dituela.

Esna Gaitezen Portugaleteko udal taldeak, Ahal Duguren babesarekin, Cabiecesen jarduna gaitzesteko eskatu die hango udal talde guztiei —Portugaleteko alkate izan zen Cabieces 1995etik 2007ra—. Halaber, haren irudia udal aretotik kentzeko eskaera egin du.