argia.eus
INPRIMATU
Kutxa Birak euskara eta herriaren nortasuna aldarrikatu ditu ibilbide erdia eginda
  • Herriak bere nortasuna adierazteko duen beharra Kutxa Bira ekimena igaro den herrietan antzeman dutela dio Iparra-Hegoa elkarteak. Bestalde, euskarari egin diote erreferentzia eta euskarak behar duen txertoa norbanakoan dagoela azpimarratu dute.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 03a
Kutxa Balmasedatik pasatzean.

Patagonian hasi zen Kutxa Bira eta asteburuan Balmasedan, Turtziozen, Algortan eta Sopelan izan da. Aste honetan Plentzia, Gernika, Lekeitio, Larrabetzu, Urkabustaitz, Agurain, Altsasu, Arbizu, Gares, Aibar, Irunberri, Burlata eta Iruñea zeharkatuko ditu. Ondoren Bartzelonarako bidea hartuko du.

Ibilbide erdia eginda, antolatzaileek gogoeta plazaratu dute. Azpimarratu dute ibilbidea egoera zailean ari direla egiten, baina herritarrek irudimenez eta alaitasunez erantzun dutela.

Osasun krisia izan dute hizpide eta gogoratu dute krisi honek eragindako galera emozionalak apaltzeko abiatu zutela ekimena. Herrietako irudietan antzeman dute “herri honek bere nortasuna adierazteko beharra” duela.

Hizkuntzak ere izan du tokia hausnarketan. Frankismoan euskarak bizi izan zuen konfinamendu luzea, eta gaur egun, euskara ofiziala ez denez lurralde osoan, zutik den itxiera perimetrala aipatu dituzte. Txertoa norbanakoaren mihian dagoela diote antolatzaileek eta euskaraz mintzatzeko deia egin dute.

Lekarozen ametsak lorgarriak direla erakutsi dutela diote plazaratutako gogoetan, izan ere Aroztegiatik hondeamakinak bidaltzea lortu dute.

Hemendik aurrera ere, ametsak herriz herri kutxan sartzen jarraitzeko deia egin du Iparra-Hegoa elkarteak.

Ondoko bideoan Aretxabaletan izandako geldialdia: