argia.eus
INPRIMATU
“Kutsatzen duenak ordaintzen du”, Nafarroako Hondakinen Lege berriaren oinarria
  • Joan den astean amaitu zen Hondakinen eta haien Fiskalitatearen Lege proiektuari zuzenketak jartzeko epea eta orain osoko bilkurara noiz joan zain dago. Lehenago, PPren eskariz Foru Legebiltzarrak Nafarroako Kontseiluari eskatutako txostena iritsi beharko da.

Xabier Letona Biteri @xletona 2018ko otsailaren 21a
Zerga berriak zabortegira nahasian botatzen den hondakina izango du jomugan; argazkian Arangureneko zabortegia.

Nafarroak hondakinei buruz izango duen lehen legea da eta bere ezaugarri nagusietakoa da esparruak bere fiskalitate propioa izango duela, “kutsatzen duenak ordaintzen du” printzipioan oinarrituta. Aurten indarrean sartzea aurreikusten da eta une horretatik aurrera hondakin guztiak sailkatuta bildu beharko dira Nafarroan; mankomunitateek zabortegira nahasian botatzen duten zabor kopurua da zergapetuko dena.

Hondakinen Legea aldaketaren lau alderdien arteko akordio programatikoan zegoen eta lau alderdiek astearte eguerdian egin zuten alor honen balorazioa. Agerraldian, halaber, batasuna agertu nahi izan zuten, Ahal Duguk bizi duen egoera estuak ez duela legealdiaren amaieran eragingo erakusteko. Legealdia amaitu aurretik aldaketa gehiago etorriko zirela ere iragarri zuten.

Foru Gobernuak aurkeztutako Hondakinen Legeari hamairu zuzenketa aurkeztu dizkiote, denak zehaztapen mailakoak. UPNk, PSNk eta PPk osoko zuzenketa egin diote Legeari. Legearen arabera, 2027rako Nafarroako hondakinen %70 era sailkatuan batuko da; gaur egun kopuru hori %34koa da.

Kudeaketarako erakunde berria

Hondakinen tratamenduaz gain, gobernantzaren ikuspegitik ere aldaketak ekarriko ditu legeak, garrantzitsuena hondakinen kudeaketarako Nafarroa mailako egitura berriaren sorrera. Honek Gobernua eta Mankomunitateak bildu nahi ditu, baina gehiengoa tokikoen esku utzi nahi da; gaur egungo Hondakinen Partzuergoan gehiengoa Foru Gobernuarena da. Erakunde berriaren beste helburu garrantzitsu bat Iruñeko Mankomunitatea bertan izatea da. Ente berri honek mankomunitateei emango dizkien zerbitzuak, alabaina, borondatezkoak izango dira.

Zergari dagokionez, berau datorren uztailean zen indarrean sartzekotan, baina oraindik ez da baztertzen osotasunean egin beharrean, zerga epeka aplikatzea. Zergan bildurakoa bakarrik erabili ahal izango da hobekuntzak eragiteko hondakinen esparruan. Azpiegituren alorrean, onurak eta kalteordainak finkatzen dira hondakin azpiegiturak izango dituzten udalerrientzat.

Zailtasunak ontzien esparruan

Ontziena da gaur egun hondakinen kopurua murrizteko esparru garrantzitsuenetako bat eta alor honetan urrats garrantzitsuak aurreikusten dira plastikozko ontzi eta botilen erabileran. Esate baterako, administrazio publikoan ezingo da saldu erabilera bakarreko plastikozko botilarik makinetan. Konpostagarriak ez diren plastikozko poltsak ematea ere debekatu egingo zaie dendei, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Ontzi mota guztien berrerabilpenerako SDDR sisteman ere –herritarrek ontziak makinetan utzi eta makinak diru bat itzuli– pauso garrantzitsuak eman nahi dira. Hainbat dira ontzien bilketan ari diren enpresak eta legearen orain arteko garapenean esparru honetan izaten ari dira erresistentzia gehien, proposatzen diren neurri berriek talka egiten dutelako egungo bilketa eta lantze sistemekin.

Ezkerretik hasita, Jose Miguel Nuin (I-E), Adolfo Araiz (EH Bildu), Unai Hualde (Geroa Bai) eta Carlos Couso (Ahal Dugu). (Arg: X. Letona)