Google eta Androidekin dagoen Europa mailako akordioari esker, koronabirusean positibo eman dutenen kontaktuak geolokalizatzeko tresna garatzen ari direla eta berau erabiltzea pentsatzen ari direla iragarri du Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak. Geolokalizazioa “anonimizatua” izango litzatekeela gaineratu du.
“Kutsatuta daudenen gertuko harremanak kontrolatzeko gai izan behar dugu”, adierazi du Chivitek Nafarroako Parlamentuan, eta Google eta Androidi esker geolokalizazio anonimizatua egin daitekeela azaldu du, Coronatest aplikazioari gehituko litzaiokeena. “Gaixotasunaren bijilantzia eta kontrola da erronka, eta horretarako tresna onenak eskuratzen ari gara”.
Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileak erantzun dio kutsatutakoen kasu berriak atzematea inportantea dela, baina modu asko dagoela hori egiteko eta Nafarroako Gobernuaren asmoa baldin bada “multinazional handiei bilaketa digitala” baimentzea, ez dutela inola ere proiektu horrekin bat egingo. “Espero dugu multinazionalak ez diren bestelako alternatibak izatea Nafarroako Gobernuak”.