argia.eus
INPRIMATU
Kutsaduraren biktimak “Akurien Ibilaldia” egiten ari dira Marseillatik Parisera
  • Maiatzaren 1ean abiatu ziren Marseilla ondoko Fos-sur-Mer tristeki ezagunetik eta ekainaren 30ean iritsiko dira Parisera. Klase guztietako kutsadurak (airean, elikagaietan, ingurumenean, erradioaktiboak...) salatzen dituzten 100dik gora elkartek antolatu dute La Marche des Cobayes, herritarrak ohartarazteko industriak erabiltzen dituela beren produktuen ondorio kaltegarrien akuritzat.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2018ko maiatzaren 07a

Frantziako estatua hegotik iparrera asteotan zeharkatzen duen ibilaldiak izena hartu dio Jean-Paul Jaud zinegiliaren Tous cobayes? (Denok akuri?, 2012) dokumentalari, zeinak salatzen baitzituen transgenikoekin bezala hainbat pozoi, zentral nuklearren erradioaktibitate eta abarrekin industriak herritarrak behartzen dituela ondo aztertu gabeko kutsagaien ondorioak nozitzera, ikerketak a posteriori eginez laborategietan akuriekin egiten duten bezalatsu.

Akurien Ibilaldiaren aurkezpenean Michele Rivasi eurodiputatu ekologistak adierazi zuen helburua zela kutsadura hauen biktimen bakardadea urratu eta sortzea "mugimendu heritar bat ingurumena eta osasunari dagokionez aginte publikoek daukaten inertziaren kontra. Aitortu behar zaigu denok arai gaituztela erabiltzen akuritzat".

Martxaren ideiaren sortzailea da Chantal L'Hoir, tiroideetako gaixoen Frantziako elkartearen lehendakaria. Farmaziako industriaren azkenbigarren eskandaluk gaixooi eragin die: Merck laborategiak Levothyrox botikaren osagaiak aldatu zituenean (zenbait metalen nanopartikulak gehituta) gaixo asko hasi ziren ordura arte ez bezalako alboko kalteak eragiten eta haiek epaileen aurrean salatuta eskandalu berria auzitegietan dago oraintxe bertan.

Ibilalaian parte hartzen ari direnek eskatzen dute industriak eragindako kalteentzako justizia, ezagutza eta ordaina, gai honetan frogen erakutsi beharra eskuz aldatuz: "Industriari dagokio frogatzea zabaltzen duen produktu berri batek ez duela kalterik eragiten, ez du biktimak izan behar produktu horren eta sufritzen duen gaixotasunaren arteko lotura demostratu behar duena". Akurien Ibilaldia konbokatu dutenek azpimarratu dute gaiotan aditu independenteek daukaten garrantzia: "Goazen urratsok ematera lobby industrialen boterea mugatzeko, produktuen ebaluazio zientifikoan eta arautzeetan infiltratuta baitaude. Eman ditzagun urratsok eskatzeko oinarrizko eskubideak: aire sanoa, elikadura sanoa, medikuntza sanoa. Egin diezaiogun uko akuri izateari!".

Atzo, igandea 6, Aix-en-Provence hirian ziren. Planifikatutako agenda betetzekotan, ekainaren 30ean amaituko dute ibilaldia Parisen, Europako erraustegirik handiena daukan Ivry-sur-Seinen hango kutsadura salatuta.