argia.eus
INPRIMATU
Kutsadura zergaren alde elkartuko dira Baionan
  • Kutsadura Zergaren aldeko kolektiboak Baionan elkartzeko deia egin du, garraio enpresei “beraiek sortutako kalteak ordain ditzaten” eskatzeko.

Ane Lusarreta 2014ko apirilaren 29a
Kutsadura Zergaren aldeko euskal kolektiboak egindako ekintza. Miarritzen, 2013ko abenduaren 13an. (Argazkia: Bizimugi)

Apirilaren 26tik maiatzaren 3ra kutsadura zergaren aldeko ekimenak antolatu dituzte Frantziako Estatuan eta Baionan Réduit plazan elkartuko dira.

Asteazkenean 12:30etan jarri dute hitzordua, Ségolène Royal Frantziako ekologia ministroak kamioien ekologia-zergari buruzko gaia jorratuko baitu Frantziako Parlamentuan une berean.

Kolektiboaren esanetan Royal kutsadura zergaren aurkako neurriak hartzen ari da, Kamioi Federakuntza Nazionalaren mesedetan.

Ministroaren xedea “ingurumen helburuen aurka joatea” dela uste dute. Kolektiboak salatu duenez kamioi enpresa nagusiei urtero 800 milioi euro eskainiko dizkie Frantziako Gobernuak, “egingo ez den zerga batentzat”.

Kutsadura Zergaren bidez jasotako diruaz garraio proiektu alternatiboak sortzea zen hasierako helburua, eta koleltiboko kideen esanetan xede horiek “baztertuta” gelditu dira.