Iragan igandean, Usurbildik ikus zitekeen ke zutabea duzue albiste honi atxikitako irudietako batean, Zubietako erraustegia urtarrilaren 22an isurtzen ari zena. Ohikoa bilakatu da aipatu planta modu horretan ikustea, baina ez da sarritan ikusi igandeko adinako tamainakoa. Kutsadura airetik isurtzen du bai erraustegiak, baina lurzorura ere begiratu beharra dugula ohartarazten digute azken urteotan Erraustegiaren Aurkako Mugimendua Toxicowatch fundazio holandarrarekin lankidetzan egiten ari den urteroko kontrol herritarraren emaitzek. 2021ean eginiko azterlanari buruzko xehetasunak aurkeztu dituzte berriki Potxoenean. Iaz, urte garai berean, uda amaieran eginiko datu bilketaren emaitzak urtebete barru ezagutuko ditugu.
2021ekoek aurreko urteetan izan den joera berretsi dute. Erraustegi inguruko goroldio eta oilategietako arrautzak baliatu dituzte neurgailu gisa. Bertan metatzen doazen gai toxikoen bilakaera aztertzen dute urtero. Gogoan izan, ama-esnea ere ikertu izan dute.
Urte urte emaitzak okerragotzen doaz, erraustegiaren bueltan kutsadura hazten, hala diote egiten ari diren azterlanen emaitzek. Tartean da Malen Azpiazu Zubeldia kimika fakultateko ikasle ohi eta herrikideak eginiko "Metal astunen determinazioa erraustegiaren inguruko goroldio laginetan" ikasketen amaierako lana. Goroldioetan metatzen doazen toxikoak neurtu ditu Azpiazuk, “airean dagoen kutsadura deduzitzeko”. Zenbait metal astunetan igoera nabarmena izan dela ondorioztatu du.
Zubietako plantatik hurbil dauden hiru oilategietan bildutako datuak aipatzeko modukoak dira bestalde. Bi erraustegiaren iparraldean kokatuak daude, hirugarrena hegoaldean, Andoain inguruan. Iparraldeko oilategietako arrautzetan “oraingoz aldaketa nabarmenik ez” dela izan ohartarazi dute Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko ordezkariek. Hegoaldekoan, aldiz, bai; “oso balio altuak dioxinetan”, 2021eko azterlanaren arabera. Ez da kasualitatea, ipar parteko haizea sarriago izaten dugun inguruotan. Halere, ToxicoWatch-etik “jarraipen handiagoa egin behar dela diote”, Potxoeneko hitzorduan ohartarazi zutenez, kutsaduraren handitze hau “beste eragin batengatik izan daiteke” eta. Sedimentuetan igoera nabarmenik ez dute aurkitu.
Airetik lurrazalean pilatzen doa kutsadura, eta lurrazaletik lur azpira filtratzen doa. “Dioxinen kutsadura lurpeko uretan 2021ean handia zen”, berri eman dute Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik. Adi, kontuan izan; datuok, pasa den uztailean izandako kutsaduraren aurrekoak dira.
Eta lur azpitik besteak beste inguruotako erreka eta ibaietara hedatzen doa kutsadura. Arkaitzerreka horren lekuko. 2020ko maiatzean erraustegitik izandako amonio isuriak ehunka arrain eta aingira hil zituen. Gertaerak arrainak desagerrarazi zituen. Pasa den uztailean aldiz, erreka apartsu eta gorritsu ikusi ahal izan genuen. Errekara isurtzen ari diren kutsadura itsasora desbideratu asmo dute orain. “Erreka bat deuseztatzera doaz”, zioten Potxoeneko ekitaldian. Momentuz, urtez urte datuak biltzen segi asmo dute. “Urte gehiago behar ditugu datuok finkatzeko”. 2022koen zain orain.