argia.eus
INPRIMATU
Kutixia
  • Ze egitarau polita Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren denboraldi berria hasteko! Agian koherentzia gutxikoa, bai, baina ederra, dudarik gabe. Halere, eskaintzen diren obren edertasuna ez da nahikoa taxuzko kontzertu bat emateko. “Taxua” behar da, sasoia. Eta hori bota genuen faltan. Zeresanik ez, Principal Antzokiko akustikak ez du batere laguntzen –askotan esan dugun bezala-, baina, arazo hori kenduta ere, txispa falta zitzaion interpretazioari, orokorrean, nahiz eta tartean une politak izan.

2012ko urriaren 03a
Andrey Boreyko, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa zuzentzen.

Hasiera txukuna egin zuten. Orain dela gutxi hildako Lorenzo Ondarraren “Aita gurea”, laburra eta sentitua, sarrera egokia izan zen Gabriel Fauré-ren “Requiem” zoragarriarentzat. Bi obra hauetan ongi aritu ziren Iruñako Orfeoiaren kideak, afinatuak eta enpastatuak. Azpimarratu behar dira bakarlariak, batez ere José Antonio López baritonoa. Interpretazio eder eta argitsua egin zuen “Libera me” pasartean, hunkigarria. Arantza Ezenarro sopranoak emisio polita erakutsi zuen “Pie Jesu” zatian. Oso ongi kolokatzen du ahotsa, eta berezko tinbre ederra du, baina hotz samarra iruditu zitzaigun. Azpimarragarria izan zen, baita ere, azkeneko zatia “In Paradisum”, benetan delikatua.

Bigarren zatian, Brahms-en jenialtasunaz gozatu genuen. Konpositore alemaniarraren “2. Sinfonia, re maiorrean, op. 73” kutsu klasikoa duten sinfonia erromantikoen artean ederrenetako bat da, eta, lekuaren muga akustikoak alde batera utzita, Boreykok bertsio girotsua egin zuen, dantzaria, dibertigarria azken batean. Ondo.

Fitxa: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Andrey Boreyko. Iruñako Orfeoia. Zuzendaria: Igor Ijurra. Bakarlariak: Arantza Ezenarro (sopranoa), eta José Antonio López (baritonoa). Egitaraua: Ondarra, Fauré eta Brahms-en obrak. Lekua: Gasteizko Principal Antzokia. Data: Irailaren 28a.