Bi atzapar handi eta itsusi ikusten dira Europako hauteskundeetako emaitzen mapa koloredunei begiratzean. Salviniren Italia, Le Penen Frantzia. Bi atzapar luzeren falangeak, Europar Batasunaren zintzurra estutu nahi eta ezin. “Ez dute lortu”, diote onkeriaz zenbait ahotsek. Okerragoa zirudien panoramak inkestei erreparatuz gero. Akaso egia da, alderdi neofaxistek gora egin dute, baina ez Europako parlamentua baldintzatzeko lain. Salbu gara?
Kontua atzaparrak badira, Kurt Waldheim zenarenak gogoratu behar dira lasaitasun mezuak zabaltzen hasi aurretik. 1986, Austriako hauteskunde kanpaina hastear, eskandalua prentsan: argitaratu denaren arabera Waldheim, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohia eta alderdi kontserbadoreko hautagaia, naziekin ibili zen II. Mundu Gerran.
Derrigortuta joan zen soldadu, dio Waldheimek; frontean zauritua izan ondoren ez zuen gauza handirik egin, eransten du. Paperek beste zerbait diote ordea: gaztetatik nazional-sozialisten aldeko, 1942an Kozarako (Jugoslavia) partisanoen masakrean arduradun, 1943an Tesalonikatik (Grezia) milaka judu deportatzen aritua. Gauza ilunak, zikinak, itsusiak, hiltzaile profesionalaren usainekoak. Ruth Beckermann zuzendariak Berlingo zinemaldian zeresana eman zuen iaz Waldheims Walzer dokumentalarekin –Tabakaleran eman dute duela gutxi–. Lan horretan kontatzen da nola erreakzionatu zuen Austriako gizarteak eskandaluaren aurrean: hori dena jakin arren, presidente hautatu zuten.
Historiak gaurkotasun erabatekoa du, Europak oraindik garbitu gabe daukan iraganaren berragerpena erakusteaz gain, ardi larruz jantzitako otsoen kontakizuna delako. Nominalki Waldheim ez zen alderdi faxista bateko kide eta nazi ohia izan arren, milaka herritarren bedeinkapenarekin izan zen Austriako presidente 1992ra arte. Zenbat hautetsi ote doaz orain Bruselara demokrazia besarkatuta eskuin muturra bezain politika oldarkorrak egiteko asmoz? Salviniren eta Le Penen atzaparrak itsusiak dira. Europar Batasunaren neurri konkretu asko ez dira askoz politagoak, marka zuriko alderdiek eginak badira ere.