Kurdistanen aurkako politikan pauso bat gehiago eman du Turkiako Gobernuak: Rojeva Medya-ren webgunerako sarbidea debekatu du, herrialdean kurdueraz dagoen egunkari bakarra, ANF News-ek jaso duenez.
Komunikazioaren Teknologien Autoritateak (BKT) itxi du orrialdea, azalpenik eman gabe eta debekuak noiz arte iraungo duen esan gabe. Rojeva Medyak hamabi orri ditu eta 2016ko azaroan sortu zuten, Ameden, Ipar Kurdistango hiriburuan. Kurdueraz egunero kaleratzen den argitalpen bakarra da.
Ez da Turkiako Gobernuak Kurdistango komunikabideen aurka egiten duen lehen erasoa. 2016ko abuztuan Özgür Gündem egunkari kurdua itxi eta 25 kazetari atxilotu zituen, eta urrian 130 hedabide baino gehiago itxi zituen.