argia.eus
INPRIMATU
Kurduen kemenaren oihartzuna
  • Kurdistango Rojava eskualdean Turkiak hasi duen eraso militarrak kulturari ere eragin dio. Daesh beren lurretatik bidali eta gero kurduek martxan jarritako gizarte demokrata, berdinzale eta anitzaren zutabe nagusietako bat da kulturaren sustapena. Militar turkiarren mehatxuak baina, kolokan jarri du apustu ausart hori. Esate baterako, Rojavako Nazioarteko Film Jaialdia bertan behera utzi behar izan dute. Gerrak zapuztutako ekinaldi horren oihartzuna, baina, mundu guztira heldu da, baita Bilbora ere.

Dabi Piedra 2019ko azaroaren 27a

Kurdistan Begiratuz zikloaren laugarren edizioa Rojavako egoera salatu eta elkartasuna adierazteko ekitaldi bihurtu dute antolatzaileek. Azaroko hiru asteartetan, Kurdistanen inguruko hainbat film ikusi ahal izan dira Bilboko Zirika gunean, Rojavako Film Jaialdiaren ikurra lekuko isil dela. Azken eguneko saiora joan gara, emanaldi bikoitza iragarrita baitute.

Lehenengo filma, Azad Evdikê zinemagile kurduaren Sîka Çiya yê Kurmênc, gaurkotasun bete-beteko istorioa da. Armada turkiarrak Rojavako lurretan egin bitartean filmatuta dago, Afrin barrutian. Turkiarrak hurbildu ahala, hiriko eguneroko bizitza nolakoa den erakusten du, etsipenak eta kemenak erdibana hartutako gizarte baten irudi zehatza emanaz.

Turkiarrek suntsitutako herrixketako iheslarien, ospitaleko langileen zein herritar arrunten ahotsak eusten dio filmaren hariari. Gatazkaren alderik gordinena erakusten du Evdikêren dokumentalak, eta, hala ere, Afringo kurduek amore emateko asmorik ez dute.

Bigarren filmak, Iraultzaren haziak delakoak, Euskal Herriko ikuspegia dakarkio Rojavako gatazkari. Durango eta Kobane senidetuta daudenez gero, hemengo lau emakume Kurdistango hiri hartara joan ziren, eta ikasitako guztia batzen du Suargi elkarteak sustatutako filmak.

Bereziki, emakumeek Kurdistango aginte aurrerakoiari esker hasi duten berdintasunerako bideak harritu eta poztu ditu euskal ordezkariak. Hango ordezkari politikoek azaldu diete Emakumeen Legea indarrean jarri dutela, emakume eta gizonen arteko berdintasuna ezarri ez ezik, emakumeak gizartearen parte aktibo bihurtzeko. Kaleetan, gauzak egiten, erabakiguneetan egon behar dira Kobaneko emakumeak.

Kurduen patua beti borrokan aritzea dela dirudi. Rojavan ez ezik, Iranen menpeko Rojalat eskualdean ere bai. Bilboko saioan hitza hartu zuen Maryam Fathik, bere jaioterrian Irango gobernuak hasi duen sarraskia salatzeko. Internet moztuta, komunikabideak etenda... Rojalateko borrokaren berri emateko bidea Fathi eta beste kurdu batzuen lekukotza da. Baikortasunik ez bere hitzetan, “kurduok ez dugu gerrako beste frente bat behar, baina Iranen gauzek hala segituz gero...”.