SDF kurduek gidatutako koalizioak eta Siriako Gobernuak su-etena adostu dute. SDFk Siria ekialdeko eta ipar-ekialdeko eremu zabala kontrolatzen du egun, eta hitzarmenak jaso duenez, gobernuaren esku geratuko da orain.
Siriako kurduen menpe zeuden instituzioak estatu egiturara integratzea sinatu dute SDFk eta behin-behineko gobernuak; su-etena ere adostu dute eta SDFk Al-Assaden jarraitzaileen aurkako borroketan lagundu beharko dio gobernuari. Egun Siriako Gobernuaren lehendakaria den Ahmed al-Xaraak eta SDF koalizioko komandante Mazlum Abdik sinatu dute hitzarmena, astelehenean.
Batik bat miliziano kurduz osatutako SDFk Siria ekialdeko eta ipar-ekialdeko lurralde zabala du bere kontrolpean; hitzarmenaren ondorioz, beraz, zonalde hori gobernuaren kontrolpean geratuko da, bertako "instituzio zibil eta militar guztiak" estatuaren parte bilakatuko baitira, Al Jazeerak jakinarazi duenez. Baita bertan kokatzen diren muga postuak, aireportua, eta petrolio eta gas hobiak ere. Trukean, Siriako herritar guztiek aukera izango dute prozesu politikoetan parte hartzeko, haien "erlijioa eta etnia edozein izanda ere"; akordioan jasota utzi dute kurduek Siriako hiritartasun eskubidea dutela eta estatuak bermatuko dizkiela eskubide konstituzionalak.
SDFk, halaber, gobernuarekiko bere konpromisoa berretsi du "Al-Assaden erregimenaren hondarren aurkako borrokan" eta "baita herrialdeko batasunarentzako eta osotasunarentzako mehatxu izan daitekeen edozeren kontra" Berriak zehaztu duenez. SDFko komandante Abdikek sare sozialetan egin dituen adierazpenetan esan du akordioak "Siria berri bat" eraikitzeko oinarria sortuko duela. Bestalde, herrialdeko gatazkaren ondorioz desplazatutako siriar guztiak bertara itzuli ahal izatea ere adostu dute bi aldeek.
Akordioak AEBen bitartekaritzarekin egin dutela azaldu du SDFren bozeramaile Farhad Shamik, eta jakinarazi du "ados jarri izanak ez duela esan nahi gobernuaren indarrak haien esku dagoen lurralde eremuan sartuko direnik, nahiz eta mugen kontrolaz arduratu". "Turkiak (SNA bitartez) Siriako kurduen kontra egiten dituen erasoak akordioen bidez geldiarazi beharko lituzke", gehitu duenez.