argia.eus
INPRIMATU
Kurdistango Langileen Alderdiaren banderak lehen aldiz konfiskatu ditu Poliziak Espainiako Estatuan
  • Emakumezko militanteen hilketak salatzeko Bartzelonan egindako mobilizazio baten ostean, Mossos d'Esquadrak PKK Kurdistango Langileen Alderdiko banderak konfiskatu zizkien militanteei, alderdia Europako Batasuneko erakunde terroristen zerrendan ageri delako. Espainiako Estatuan aurretik ez da halakorik inoiz gertatu PKKko banderekin, eta Kurdistango askapen mugimenduaren aurkako jazarpenaren areagotzeari erantzun diezaioke.

Amaia Lekunberri Ansola 2023ko urtarrilaren 18a
Pariseko abenduko hilketen aurrean Frantziako hiriburuan egindako mobilizazioa.

PKK Kurdistango Langileen Alderdia talde terroristen zerrendan sartu zuen Europako Batasunak 2002an, eta horrek berekin ekarri du alderdiarekiko, Kurdistango askapen mugimenduarekiko eta horien borrokarekin bat egiten duen kolektibo zein norbanakoenganako jazarpena. "[Kurdistango auziarekin lotutako] ekimen sozial eta politikoetan parte hartzea da suposizioetako bat, norbaiti antolakunde terroristaren parte izatea akusatzeko; legalki erregistratutako bulegoak, ikasleen antolakundeak eta gizarte-zentroak susmope etengabekoan daude", dio La Directa-k. Adibide gisa jarri du Espainiako Estatuko militante bati duela urtebete gertatutakoa: Espainiatik kanporatua izan zen, hogei urtez estatura sartzeko debekuarekin; komunitate kurduarekin harremana izatea, Kurmanjî-eraz (kurdueraren dialektoa) hitz egitea, eta Kurdistango mugimenduaren eta Espainiako Estatuko ezker iraultzailearen arteko lotura egitea izan ziren neurri zigor hori aplikatzeko erabilitako arrazoia.

Jazarpenaren areagotzearen adierazletzat jo daiteke Europako herrialdeetan Polizia PKKren banderak konfiskatzen hasi izana. Izan ere, aipatu hedabideak jasotzen duenez, abenduan lehen aldiz egin ziren gisako konfiskazioak Helsinkin (Finlandia), eta Espainiako Estatuan ere aurrenekoz ebatsi ditu PKKko banderak Poliziak. Bartzelonan gertatu zen, urtarrilaren 7an: Deu anys d'impunitat: contra els feminicidis politics (Hamar urteko inpunitatea: feminizidio politikoen aurka) lelopean, 200 bat pertsonak manifestazioa burutu zuten Kataluniako hiriburuan barrena, salatzeko mundu osoan jazotzen diren emakume militanteen hilketak, fokua bereziki jarriaz Europan hil dituzten militante kurduengan. Egun gutxi aurretik jazoa zen hiru militante kurduren hilketa Pariseko Ahmet Kaya kultura-zentroan: abenduaren 23an armatutako gizon batek bertan bildutako hainbat pertsona zauritu eta Mir Perwer, Emine Kara eta Abdurrahman Kizil hil zituen. Hiri berean, orain hamar urte, kurduen askapen mugimenduko Sakine Cansiz, Fidan Dogan eta Leyla Saylemez hil zituzten tiroz, Kurdistango Informazio Zentroan zeudela.

Manifestazioa bukatutakoan, mossoek zenbait militante atxiki, identifikatu eta erregistratu zituzten, mobilizazioan erabilitako materiala zeraman autoa barne. PKKren banderak errekisatu zizkieten, "gainerako bandera eta sinbologiari kasurik egin gabe", La Directaren arabera. Poliziaren iturrietara jo du hedabideak, eta jakinarazi diete poliziek esku hartzea erabaki zutela "detektatzerakoan Europako Batasunaren eta AEBen zerrendetan antolakunde terrorista gisa klasifikatutakoaren bi bandera". Poliziek azaldutakoaren arabera, konfiskazioen ondotik administrazio-akta egiten da, eta unitate zigortzaileari pasa. Behin hori eginda, "esku-hartzea zerrendaren existentzian oinarritzen da, baina funtzionario instruktore batek erabakiko du zigorrik izango duen ala ez". Manifestariek La Directari jakinarazi diote konfiskazio-akta mozal legea aplikatuz egin zela.

Marina Romero La Directako kazetariak seinalatu du PKK antolakunde terrorista gisa kalifikatu izanak Europako estatuak estutzea errazten diola Erdoganen gobernuari, horiek bultzatuz Kurdistango askapen mugimenduaren aurka gogor jardutera. "Eta era berean, aitzakia gisa darabil arma kimikoekin eraso egiteko, eta inbasioak eta mugaz gaindiko okupazioak burutzeko".

PKK-k apelazioa jarri zuen Europar Batasuneko Justizia Auzitegian, erakunde terroristen zerrendatik ezabatu dezaten. Alabaina, auzitegiak eskaera errefusatu du. Terrorista gisa izendatuak izatearen gainean, hala mintzo ziren ARGIAri abenduan eskainitako elkarrizketan: "Terrorista gisa sailkatuta egoteak borrokari zilegitasuna kentzen dio. Baina azken finean, autodeterminaziorako eta autodefentsarako borroka zilegia da. Kurdistanen gerra dago, eta PKK-k Kurdistango herritarren eskubideak defendatzen ditu, ez da terrorista. Estatu inperialistak, herri kurduaren eskubideak ukatzen dituztenak, horiek dira terroristak".