argia.eus
INPRIMATU
Kurdistango HDP alderdiko 118 kide atxilotu dituzte, Istanbuleko atentatutik bi egunera
  • Gutxienez, 38 pertsona hil eta 166 zauritu dira abenduaren 10ean Istanbulen izandako atentatu bikoitzean. Turkiako Gobernuak PKK alderdia jo du erantzule, nahiz eta Kurdistango Askatasun Belatzak (TAK) talde armatuak bere gain hartu duen erasoa. TAK talde armatua (kurdueraz Teyrênbazê Azadiya Kurdistan) PKKtik bereizitako talde disidentea da.  

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko abenduaren 12a
Kurdistango HDP alderdiko 118 kide atxilotu ditu Turkiako Poliziak (Arg: Sabah)

PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aldeko propaganda egitea egotzita atzeman ditu Turkiako Poliziak HDPko 118 diputatuak, Mersin, Istanbul, Ankara, Adana eta Manisen.  Astelehen goizean gertatu dira atxiloketak, Istanbuleko atentatutik bi egunera.

Gutxienez, 38 pertsona hil ziren (horietatik 30 polizia agenteak) abenduaren 10ean Istanbulen,  Besiktas futbol zelai ondoan izandako atentatu bikoitzean. Polizia furgoneta baten inguruan zegoen bonba auto bat lehertu zen lehenengo, eta ondoren, ekintzaile batek bere gainean zeraman bonba leherrarazi zuen. 166 zauritu inguru ere egon ziren.

Egunean bertan inork ez zuen bere gain hartu atentatua. Hurrengo egunean, ordea, Turkiako TAK talde armatuak bere webgunean azaldu zuen bera zela erantzulea, eta erasoa ez zegoela pertsona zibilei zuzenduta. Horrez gain, “faxismoarekin amaitzea beharrezkoa” dela esan du, eta horren “arduradun bakarra” Turkiako Justizia eta Garapenaren Alderdia dela gaineratu du. Turkiako agintariek ere segurtasun indarren kontrako atentatua izan dela adierazi dute.

Ondorengo bideoan ikus daitezke atentatuaren irudi batzuk: