argia.eus
INPRIMATU
Kurdistan, gortina turkiarraren atzean
  • 2018ko udaberrian Ipar Kurdistanera –Bakur– euskal delegazio bat joan zen hango egoera lehen eskutik ezagutzera. Iñaki Etaio partaideetako bat izan zen eta bidaian ezagututakoa bederatzi artikulutan jaso du. Hau da bigarrena.

IƱaki Etaio Alonso 2018ko maiatzaren 02a
Erdoganen argazkiak Amedeko Şanliurfa bulebarrean.

Turkiako Estatuan Kurdistan hitza tabua da eta tabu izatearen ideia hori herri kurduraino zabaltzen da. Lurralde hori izendatzeko Turkiako ekialdea edo Anatoliaren ekialdea esan behar da, susmagarritzat hartua ez izateko. Aireportuan edo administrazio-guneren bateko funtzionario batekin Kurdistan erabiltzeak galderak eta errezeloak sor ditzake. Eta zer esanik ez polizia baten aurrean –kalez jantzitako polizien kopurua uniformatuta ikusten direnena baino handiagoa da ziurrenez–; norakoari eta bisitaren helburuari buruzko galderetatik pasaportea eskatzera, argazkia ateratzera eta poltsa eta motxilak erregistratzera pasa daiteke.

Amedeko aireportura heldu ostean Şanliurfa bulebarretik taxiz zeharkatzeak lehenengo “errealitate kolpea” eskaintzen du: zenbait kilometroz kale-argi guztietatik ikur turkiarrak eta Erdogan-en irudiak zintzilikatuta daude. Kalean, eraikin ofizialetan, eskoletan… ilargi erdiko ikur gorrien eta buruzagi autoritarioaren argazki uholdea ikusteak burura ekartzen duen lehenengo pentsamendua honako hau da: zer mingarri izan behar duen kurdu gehienentzat pauso bakoitzean “Hau Turkia da” mezua presente izateak. Ia bazter guztietara hedatzen da erregimenaren propaganda, armatutako polizien presentzia iraunkorra, auto blindatuak, kamerak, kontrol-guneak, Amed hiri barruan bost polizia-etxe, kuartel militarrak eta bost kartzela daude. Gauzak horrela,. Bakurreko biztanleek agian ez daukate hain barneratuta beren nazionalitate turkoa…

Anatolia penintsulan antzinatik bizi diren beste herriak asimilatzeko edota desagerrarazteko saiakerak errepikatu ziren Inperio otomandarraren garaietan eta, gertuago, Mustafa Kemal-ek, Atatürk, 1923an Turiako Estatua sortu zuenetik. politika horren gertaera ankerrena da 1915 eta 1923 artean armeniarren kontra egindako genozidioa. Milioi bat lagun baino gehiago hil ziren –indarrez, gosez ala gaixotasunez– eta gaur egun oraindik Turkiako Estatuak ukatzen du egindakoa.

Turkiako bandera Mardin hiriko kaleetan

Beste herri askorekin gertatzen den bezala, gutxiengoak azpiratzeko (Turkiako Estatuan ia hiru biztanleetatik bat jatorriz kurdua da) gobernu turkiarraren ahaleginak hizkuntza eta kultura-adierazpenetara hedatuta dago, baita toponimiara ere. Herrien eta lekuen izenak turkiera hutsean erakusten dira, eta horixe da administrazio, hezkuntza edota osasun-guneetan legez erabil daitekeen hizkuntza bakarra. Seinale guztiak turkieraz daude, nahiko erraza da hizkuntzak ezberdintzen turkierak dieresi ugari erabiltzen du, eta Q, W eta X letrarik ez dauka –kurduan aldiz presente daude–. Kurduera hezkuntzatik eta komunikabideetatik ere kanporatua dago. 2012-2015ean Kurdistango Langileen Partiduaren (PKK) eta gobernuaren arteko elkarrizketa prozesuan kurduerarekiko permisibitate handiago izan bazen ere, prozesuaren apurketak kurduera berriz hizkuntza galarazia izatera eraman zuen. Bakurreko etxe askotan hizkuntzarekiko eta kulturarekiko lotura Sterk TV-ren bidez mantentzen da, Bruselan egoitza daukana. Kanal hau aire freskoa da atmosfera itogarri honetan, non kurduera gune pribatura murriztuta geratzen den. Hezkuntza publikoan eta pribatuan ezin hizkuntza irakasteak transmisioa familiara mugatzen du, eta horrek, lagun kurdu batzuek azaldu zigutenez, idazkeraren transmisioa eta bere normalizazioa nabarmen zailtzen du. Izan ere, hainbatek esan zigun kurdua ulertzen eta hitz egiten duela, baina idazteko gai ez dela.

Kultura kurduaren ezarpena Turkiako Estatuan ertz surrealistetara heldu da. Adibidez, Amed-eko Sur barrutian kafetegi/teteria bezala funtzionatzen duen barne patio bateko langileek esan ziguten barrutiko kultura-gune guztiak itxi zituztela gobernuaren aginduz. Beren gunean, giro eta musika kurdua izanagatik ere, ez zuten itxi kultura-gune bezala formalki ez aritzeagatik. Liburuak kurdueraz argitaratzeko aukerari buruz galdetuta, erantzuna espero zitekeena izan zen: nahiz eta legedian debekua ez izan, oztopoek eta argitaletxe eta banatzaileei egindako presioek zailtzen dute aukera hori.

Kurduen kontrako paranoiaren maila banderaren debekuak erakusten du. Kurdistango hiru kolore nazionalak (horia, gorria ea berdea) elkarrekin erakusteko debekua dago. Bakur-ren oso ugariak diren ehun-gaien saltokietan kolore konbinazio askotako zapiak aurki daitezke. Hala ere, bakar batek ere ez du erakusten hiru kolore “susmagarriak”. Amed, Mardin, Tatvan edota Van hirietan zapi klandestino hauek aurkitzeko gure bilaketa emaitzarik gabekoa izan zen. Euskal Herrira, arropa artean ezkutatuta, ekarri genuen zapia TJA emakume kurduen mugimenduko kideek oparitutakoa izan zen. Kolonbiako lagun internazionalista batek ezin izan zuen bere herrira eraman, Newroz ospakizunera bidean polizia batzuek kendu baitzioten. Lehen begiratuan txantxa badirudi ere, hiru kolore elkarrekin erakusteak erregimen turkiarraren errepresio itsua pizten du.