argia.eus
INPRIMATU
Kurdistan: existitzea nahi ez duten herria
  • 2018ko udaberrian Ipar Kurdistanera –Bakur– euskal delegazio bat joan zen hango egoera lehen eskutik ezagutzera. Iñaki Etaio partaideetako bat izan zen eta bidaian ezagututakoa bederatzi artikulutan jaso du. Hau da lehena.

IƱaki Etaio Alonso 2018ko apirilaren 27a
Amedeko hiri zaharra inguratzen duen harresia.

Nahiz eta gutako askok kurdu terminoa entzuna izan eta herri hori estaturik gabeko beste herri asko baino ezagunagoa izan, mendetan ukatutako herria da kurduena. Jakina denez, 40 milioi pertsona baino gehiagok osatutako herri hau (ez dago errolda zehatzik, eta kurdu askok ez daukate kurdu izatearen kontzientzia) lau estaturen artean banatuta dago: Turkia, Siria, Irak eta Iran. Estatu hauen elementu komunak dira kurduen ukazioa eta errepresio historikoa; haien artean berezitasunak badira ere, tokiko eta momentuko gobernuaren eta indar-harremanen arabera. Gaur egun oso bestelakoa da egoera Rojavako (Kurdistango mendebaldea) zonalde askatukoa, autonomia handiz barzanitarren klanak gobernatzen duen Bashur-koa (Kurdistango hegoaldea) edo turkiar eta iraniar estatuen administrazio hertsipean dagoen Bakurrekoa (Kurdistango iparraldea) eta Rojhilat-ekoa (Kurdistango ekialdea). Edozein kasutan, aitortza eta askatasuna lortzeko kurduek historikoki garatutako erresistentzia eta borroka komuna da lau lurralde hauetan.

Polizia-kontrola Amedeko Sur barrutiko sarreran.

Bakur bisitatzeak eta pertsona eta erakunde politiko eta sozial askorekin mintzatzeak errealitate honetara hurbiltzea ahalbidetzen du. Amed-era (turkoz, Diyarbakir) heltzean, lehenengo sentsazioa, ondorengo egunetako elkarrizketetan berretsitakoa, honakoa da: herri kurdua existitzea nahi ez duten herria da. Hori jakina dela esan daiteke, are gehiago Euskal Herritik joanda. Hain zuzen ere, mende askoren ostean beren identitatea eta eskubideak ukatzen zaizkion beste herri batetik etortzeak eragiten du herri kurdua ezkutarazteko saiakerak hain harrigarritzat ez hartzea. Behintzat, Europako herritar solidario askorekin alderatzen badugu, Kurdistango errepresioaz harritzen direnak, baina gero Europar Batasuneko estatu batzuetan torturaren erabilera eta ehunka preso politikoen existentzia ezagutzen ez dituztenak. Euskalduna izateak bi herrien arteko antzekotasun asko topatzea ahalbidetu du, prozesu ezberdinak eta barne konplexutasun handia dauzkaten bi herrien arteko alderatze mimetikoetan erori gabe. EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriaren artean dauden ezberdintasunez jakitun izanda, erraz uler dezakegu lau estatutan bananduta egotearen konplexutasuna. Edonola ere, “it´s very similar” eta “it´s the same” sarri entzun ditugun esamoldeak dira, bi herrien alderdi batzuen deskribapenak elkartrukatzean eta, batez ere, estatuek erabilitako errepresio-estrategiak azaltzean.

2016ko uztaileko kolpe militar saiakera ilunaren ostean ezarritako salbuespen egoerak  askoz murriztu ditu Turkiako Estatuan gobernuarekiko kritikoak diren jardun politiko edota kulturalak garatzeko bermeak. Lehenengo momentuan atxilotutako eta prozesatutako pertsona gehienak (militarrak, poliziak, kazetariak, akademikoak, epaileak…), ustez, Fethullah Gülen-en mugimendukoak baziren ere, kontraeraso errepresiboa baliatu dute mugimendu kurduaren  kontrako presioa handitzeko, Erdogan-en asmo autokraten eta zentralisten etsairik nagusia baita.