Egun berean iragarri dituzte kulturan diharduten profesionalentzako neurri bereziak Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Elkargoak. Nafarroako Gobernuak berriz, autonomoei emandako laguntza berezien barruan sartu ditu kulturan diharduten pertsonenak ere.
Covid-19aren aurkako neurriengatik bizi duten egoera larriaren aurrean euskal kulturgintzako langileek datorren astean greba digitala iragarri dute, premiazko neurriak eta aurrera begira ikuspegi estrategikoarekin egindako politikak eskatuz. Ordura arte, erakunde publiko gehienen aldetik ez dutela babes neurri espezifikorik hartzeko borondaterik ikusi azaldu dute, nahiz eta horrelako erabakiak eskatuz haiengana jo. Publikoki hori iragarri duten egun berean ordea, aurreikusi gabeko twist bat egin du gidoiak: EAEko Gobernuak 2,5 milioitan baloratutako laguntzen berri eman du, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren bitartez.
Profesionalei zuzendutako programa gisa aurkeztu duten neurri-sortaren barruan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) aitortutako hileko batez bestekoaren %70 eskatu ahal izango dute kulturgintzako langileek, EAEko gobernuak ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Laguntza hori eskatzen duenak, lanbide arteko gutxieneko soldataren pareko kopurua jasoko du Jaurlaritzak azaldu duenez: konfinamendua hasi zen egunetik (martxoak 13) alarma egoera amaitu eta publikodun emanaldiak baimenduko diren hilabetearen azken egunera arte iraungo du. Hori bai, zehaztu dutenez, sei hilabetekoa izango da gehienez laguntza.
Jarduera ekonomikoen Espainiako sailkapenean oinarrituta zehaztuko da nork eskatu ahal izango duen babes ekonomiko hau, baina aurreratu dutenez, honakoak izango dira finantzazio hori jaso ahalko duten jarduerak: sorkuntzarekin lotutako jarduera profesionalak; kultura-produktuen merkataritza; arte grafikoak eta euskarri grabatuen erreprodukzioa; ikus-entzunezko jarduerak; argazki-jarduerak; edizio-jarduera; liburutegietako, artxiboetako, museoetako eta ondareko jarduerak; soinuaren grabazioko eta musika-edizioko laguntzaileak; soinuaren grabazioko eta musika-edizioko jarduerak; irudi- eta soinu-euskarrien eta -aparatuen eta musika-tresnen fabrikazioa; hizkuntzen itzulpen- eta prestakuntza-jarduerak; eta kultura-hezkuntza.
Lanbidek kudeatuko du EAEko langile kulturalei zuzendutako programa hau eta oraindik ez dira publikoaren eskura jarri laguntzak eskatzeko ezinbestekoak diren prozedura-arauak eta inprimakiak. Zupiriak eta Artolazabalek esplikatutakoaren arabera, apirila amaitu baino lehen prest egon beharko luke.
Euskal Elkargoaren neurriak kulturarentzat
Koronabirusaren aurrean hartutako neurriek Ipar Euskal Herriko kulturgileen artean ere eragina izan dute eta horren aurrean Euskal Elkargoak hainbat neurri iragarri ditu asteazkenean. Bi ardatz izango dituzte laguntza hauek: kulturaren alorreko profesionalekin elkarrizketa abian jartzea, sortzen diren beharrak ebaluatzeko eta informazioa jasotzeko; eta neurri ekonomiko konkretuak, hilabeteotan bertan behera geratuko diren ikuskizunak kontuan izanda.
Hilabete hauetan egingo ez diren ikuskizunak datorren urtean berriz programatzea ziurtatu nahi du Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako erakunde publikoak eta iragarri du espektakuluak atzeratuko dituzten sortzaileei aurten bertan aurreratuko diela kobratu behar zutenaren %60. Berriz programatzea posible ez den kasuetan, Elkargoak eskaera guztiak likidatuko ditu –94.000 euro, apirilaren amaierara arte bertan behera geratu diren emanaldietarako–.
Horretaz gain, onartutako diru-laguntzak mantenduko direla ziurtatu du Euskal Elkargoak, elkarteen eta proiektuen jarduera-maila edozein dela ere. Eta 511.000 euroko diru-laguntzak aurreratuko ditu lurraldeko eragile kulturalak babesteko. “Ahalik eta lasterren” ordainduko dituzte 2019ko diru-laguntzei dagozkien saldoak. 2020ko diru-laguntzei dagokienez, 2019an ezarritako kopuruaren %80 gordailu bezala ordainduko zaie ohiko bazkideei. Erakundeak gogora ekarri du diru-laguntza horiek Frantziako Estatuak eta Akitania Berriko Erregioak iragarritako neurriei erantsi behar zaizkiela, kopuruz askoz handiagoak azken hauek.
Nafarroa, neurri espezifikorik gabe
Konfinamendu neurriak martxan jarri zirenetik kulturari buruzko seinale gutxien emititu duen instituzioa Nafarroako Gobernua izan da: apenas prentsa ohar pare bat, sarean eskura jarri dituen zerbitzu kulturalak gogora ekarriz, tartean Culturiza-T izeneko webgunea, zeinean Nafarroako liburutegi sare publikoaren mailegu zerbitzurako sarbidea eskaintzen den, pelikulak, liburuak, musika, ikuskizunak eta bisita birtualak dituzten museoetara nola iritsi esplikatuz.
Kulturgintzako profesionalen laguntzei dagokienez, ez du ezer espezifikorik iragarri Chiviteren gobernuak. Krisiari aurre egiteko iragarritako neurri berezien hirugarren sortan egin dio aipamen bat asteazken honetan, autonomoentzako laguntza zuzenak iragartzean: “Gure Foru Erkidegoan autonomoen kolektiboa 47.000 lagun baino gehiagok osatzen dute, horietatik asko alarma egoeran baimenduta ez dauden jardueretan ari direnak, adibidez kultura, jarduera artistikoak, kirola, ostalaritza, merkataritza, ile-apaindegiak eta hezkuntza, beste batzuen artean”. Autonomo horientzat 2.200 euroko laguntza zuzen estra bat iragarri dute, baldin eta beraien lan-eremua martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuan ezarritako jarduera-eteteen barruan agertzen bada.
Laguntza hori eskatu ahal izateko, baldintza zehatzak prentsa-ohar honetan esplikatu ditu Nafarroako Gobernuak, baita baldintza horietatik at geratuz gero jaso ahalko diren diru-kopuru txikiagoak eskuratzeko bete beharrekoak ere.