Amazigh gazteek sortutako elkartea da Agharas, eta urteak daramatza kulturartekotasuna lantzen Barakaldo inguruan. Duela lau bat urtetik, kalean bizi diren gazteei astean hirutan afariak ematen dizkiete, eta harrera pisu bat ere badute martxan, aldi baterako erabiltzeko. “Bi ardatz horiei tiraka, eta kulturartekotasuna lantzeko esparru berriak irekitzeko asmotan, ortua martxan jatzea pentsatu genuen”.
Barakaldoko Gurutzeta auzoan ari dira 3.000 metro koadro inguruko lursailean lanean. “Lurzoru nahiko maldatsua da, eta terrazak sortzen aritu gara, dena eskuz eginez”, diote kideek. Lurra lantzen hasi baino lehenago, atontze lan handia egin behar izan dute, inguru guztia sasiak hartuta baitzegoen. Aurreko udan, jada, prestatua zeukaten lur zatitxo batean barazki ekoizpen txikia izan dute. “Oraindik lurra prestatzen jarraitzen dugu, baina udaberriko landareak jartzen ere ari gara”, diote.
Alokairuan hartu dute Gurutzetako lursaila, eta horretarako, Bizilur elkartearen laguntza izan dute. “Eurek garatutako proiektu baten bidez, laguntza ekonomiko pixka bat jaso dugu, eta baita trebakuntza ere”. Hurbileko baserritar baten eskutik ari dira formakuntza jasotzen. Azken hilabeteotan, hainbat auzolan egin dituzte lanak aurrera eramateko eta landaketak egiteko. “Sagarrondoak jarriko ditugu batez ere, ortua egiteko gune aproposak ez diren toki horiek aprobetxatzeko”, diote.
Maroko hegoaldeko Amazigh herrietatik migratu duten gazteak, Barakaldon bertan jaiotako herritarrak, beste herrialde batzuetan jatorria dutenak… aniztasuna da nagusi Barakaldoko ortuan, bai jatorriari eta baita adinari dagokienez: “Gure ortuan, askotan, lau hizkuntza entzuten dira aldi berean, eta adin guztietako jendea elkartzen gara, 18 urtetatik 50 urte inguru dituztenetaraino”. Amazighak landa eremuko komunitateak dira, eta kasu askotan, migratzaileek faltan nabari dute lurra lantzea. “Migratzeko dituzten arrazoien artean pisutsuenetako bat da hango landa eremuan eredu hiperproduktibista bat garatzen ari dela: lurjabeek uraren kontrola lortu dute, eta gazteek ez dute etorkizun handirik mundu horretan”, diote.
Haiek dakarten jakinduria besteenarekin uztartzen saiatzen dira proiektuan, teknika eta erritmo desberdinak errespetatuz eta elkarrekin negoziatuz. Eredu ekologikoan ari dira, eta oraindik ekoizpen txikia badute ere, elkarteak antolatzen dituen afariak eta pisua hornitzea dute etorkizuneko helburu. “Egunerokoan hamar bat lagun ari gara, baina, auzolanetan 20-25 lagun bildu gaitezke”, amaitu dute.