argia.eus
INPRIMATU
Marotori gasteiztarrak etsaitu nahi izatea leporatu diote EA, EAJ eta PSEko gazteek
  • “Gorrotoa sustatzen” duten diskurtsoen aurrean “kolore ugaritako Gasteiz” defendatu dute Gazte Abertzaleek, EGIk eta PSEko gazteek berriki plazaratutako manifestu baten bidez: “Kultura-aniztasuna aberastasunaren oinarri izanen da, diskriminazio eta aurreiritzirik gabe”.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko martxoaren 30a

“Gasteiz hiri anitza da eta historikoki gure gizartea sakonki aberastu izan duten kultura desberdinez osatua dago”, adierazi dute gazteek.

Era berean, kritikatu egin dute Gasteizko alkate Javier Marotok azken hilabeteetan egindako adierazpenen atzean dauden "gezurrak".

"Gorrotoa sustatzen duen diskurtso arrazistaren aurrean, hemen bizi garenok banatzeko gezur eta erasoen aurrean, adierazi nahi dugu Gasteiz ez dela saldu nahi diguten hiri insolidario eta etsaitua", idatzi dute hiru gazte erakundeek elkarrekin plazaratu duten agirian.

Zenbait kolektibo seinalatuz elkarbizitza hautsi nahia leporatu diote PPko alkateari eta Gasteizko herritarrei dei egin diete gertakari horren aurrean "begiak ez ixteko".

Eragile eta mugimendu sozial ugari agertu dira Marotoren jarreraren kontra, baita eliza bera ere.