argia.eus
INPRIMATU
Kulturaren plaza izan da Aiaraldea astebetez
  • Euskarazko sorkuntza aldarrikatzea helburu, Jalgi ekimenaren lehenengo edizioa ospatu dute Aiaraldean; joan den astelehenean hasi eta larunbata bitarte hirurogei jarduera baino gehiago garatu dituzte eskualdeko bederatzi udalerrietan.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2016ko maiatzaren 30

Astebeteko egitarauari bukaera emateko, egun handia ospatu zuten larunbatean Laudion.

Goizetik gauera, antzerkia, dantza, haurrentzako ikuskizunak eta musika emanaldiak izan ziren Aiaraldeko hiriburuan. Gaueko kontzertuetan, Odei Barroso eta Iñaki Viñaspre, Uluka, Gorka Urbizu, Aguxtin Alkhat, Hesian, Anari eta Garilak 26 igo ziren oholtzara.

Euskal sortzaileak zertan ari diren erakutsi nahi izan dute antolatzaileek, "kulturgintza osoaren mapa bat eskaini", talde sustatzaileko Gotzon Barandiaranek Aleari azaldu dionez.

Izan ere, hainbat gabezia antzeman dituzte euskarazko kultur ekoizpenari lotuta eta horietatik, bi aukeratu dituzte aurten: komunikazioa eta transmisioa. Horien inguruan proposamen zehatzak mahai-gaineratu eta datorren urtebetean zehar jorratu nahi dituzte eragile gehiagorekin batera, "guztion artean euskal sorkuntzaren aldeko estrategia komun bat abiatzeko". 

Euskal kulturaren plaza ibiltariak Aiaraldea utzi eta beste txoko bat bilatuko du hurrengo urtean.

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.