argia.eus
INPRIMATU
Kultura zaintzeko, ospitaleak eraiki

Nerea Fillat El Salto-Hordago @HORDAGO_ElSalto 2020ko azaroaren 20a

Pandemiaren zazpigarren hilabete honetan, COVID-19ak utziko dituen ondorioez ikasten jarraitzen dugu. Besteak beste, azken egunotan konfirmatu da Durangoko Azoka ez dela egingo modu presentzialean. Bazterretako zurrumurruak geroz eta ozenago mintzo baziren ere, askok ezin sinistu genuen halakorik gertatuko zenik. Hala ere, aurten online formatura pasako da, eta online eginen dira topaketak, solasaldiak, kafe azkarrak, garagardo edanak eta ligeak.

“Euskal kultura zaindu nahi badugu, ezinbestekoa da osasungintzako azpiegitura indartzea, liburutegien kopurua handitzea, irakasle gehiago kontratatzea eta zainketak erdigunean jartzea”

Sekulako kolpea da argitaletxe, inprimategi, banatzaile eta egileentzat, baina maila bereko kolpea jasoko dute talde txikiek, autoekoizleek eta kolektiboek, baita modu librean doazenek ere. Desastrea ondorio ekonomikoetatik harago doa, desagertu egingo baita euskal kulturak urtero mugitzen duen diruaren portzentaje handi bat; izan ere, DA!-n saltzen ez dena ez da gero beste inon salduko.

Kulturarentzat eta Durangoko herriarentzat gogorra bada ere, ezin dugu pentsatu DA! bezalako ekimen kultural batean aparteko kontu isolatu bat izango balitz bezala, egoerak modu isolatuan konpontzeko bideak muga argiak azaldu dituelako. Euskal kultura zaindu nahi badugu, ezinbestekoa da osasungintzako azpiegitura indartzea, liburutegien kopurua handitzea eta haien kokapena zabaltzea, irakasle gehiago kontratatzea eta zainketak erdigunean jartzea. Ezinbestekoa da gizartearen beharretan osotasunean pentsatzea. Horregatik, erraz esan dezakegu zortzi hilabete eder galdu ditugula esperimentuak egiten, zer-eta berriz ere konfinamenduetara heltzeko.

Horregatik, inoiz baino argiago dago ezen, kultura zaintzeko, gizarte osoa zaindu behar dela, hori baita gure eskubidea eta hori baita erakundeetan daudenei exijitu behar dieguna. Ez dugu kulturan gastatzeko bonurik nahi, ospitale berriak nahi ditugu!