argia.eus
INPRIMATU
Kultura-trukea bost erkidegoren artean, elkar ezagutza sustatzeko
  • Hego Euskal Herriko lau lurraldeak, Galizia, Asturias eta Kantabria daude elkar trukeko programan. Euskal Herriko dozena bat txokotan baino gehiagotan ikusi ahalko dira beste lekutako antzerki eta ikuskizunak, irailaren 17tik urriaren 22ra bitartean.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko irailaren 05
'El rey tuerto' antzezlana hautatu du Nafarroako Gobernuak, beste erkidegoetan ikusarazteko.

Ipar Eszena Bidea deituriko egitasmoak bosgarren edizioa antolatu du udazkenerako. Iberiar Penintsularen iparraldeko erkidegoak dira bultzatzaileak, eta helburu dute elkarren arteko kultur trukea sustatzea, elkar ezagutzeko. Erkidego bakoitzak hiruna lan hautatu ditu, antzerki-ikuskizunak dira gehienak, eta erkidegoz erkidego bidaiatuko dute sortzaileek. Nafarroa, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Galizia, Asturias eta Kantabriaren artean, guztira, hamabost antzerki, dantza eta arte-konpainien parte hartzea finantzatuko da, eta 60 emanaldi eskainiko dira.

Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, lurralde bakoitzeko launa lekutan eskainiko dira beste erkidegoetako sortzaileen lanak: Araban, Zigoitia, Bastida eta Gasteiz hautatu dira; Bizkaian, Gernika, Elorrio, Muskiz eta Bilbo; eta Gipuzkoan, Hondarribia, Zarautz, Mutriku eta Eibar. Egitaraua prestatzen ari dira oraindik; Ipar Eszenaren atarian ari dira apurka jakinarazten.

Nafarroako Gobernuak oraindik ez du publikoki non antolatuko dituen egitasmoak, baina aipaturiko webgunean ikus daitekeenez, baieztaturik daudenak ondorengo herri hauek izango dira: Tafalla, Altsasu, Aranguren, Atarrabia, Zizur Nagusia eta Zangoza.

Gobernu bakoitzak hautatu dituen hiru lanak

Autonomia erkidego bakoitzak hiru lan hautatu ditu eta horien bira finantzatuko du.

Jaurlaritzaren zerrenda hauxe da: Aboon Teatre konpainiaren Baby esferic ikuskizuna, Eva Guerrero Gorpuztu eta Tanttaka Teatroaren Sexberdinak lana, Max sarietako produkziorik onenaren saria eskuratu zuena. Nafarroako Gobernuak, bestalde, Inextremis-en El rey tuerto ikuskizuna hautatu du; Led Silhouette-ren Los perros; eta Levelibular-en Portamundos ikuskizuna.

Galiziak, Caramuxo Teatro konpainiaren Crisálida ikuskizuna; Rebordelos-en Amantis; eta Xampatito-ren Pato Só. Asturiasek Saltantes Teatro-ren Misery; Luz de Gas-en Luna; eta La bestia negra, Proyecto Piloto-ren antzezlana. Kantabriaren partaideak, azkenik, honako hauek izango dira: Ábrego Teatro-ren Lear en las catedrales ikuskizuna; Malabaracirco Producciones Artísticas-en Circus magníficus; eta Fronterizas, Mari Paula-rena.

Ikuskizun guztien argazki bana hemen, baita eszenaratzeko lekua ere.