Jendetza bildu zen larunbatean Bilbon, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak sustatutako eta hamaika eragileren atxikimendua jasotako Alternatiben Herrian (160 eragile inguruk egin dute bat deialdiarekin). "Erakusten ari gara bizi gaitezkeela beste era batera, kontsumoaren alorrean, energiarenean, hezkuntzarenean, elikadurarenean...".
Gaur egungo eredu soziala gainditzeko alternatibak egon badaudela aldarrikatu zuten larunbateko ekimena prestatzeko lanean aritu diren eragileek. "Erakutsi dugu herri honetan proiektu asko dagoela, nahi dugun etorkizun hori praktikara eramatea posible dela”, esan zuen Mikel Saralegik, Eskubide Sozialen Kartaren izenean.
Askotariko ikusmoldeak elkarlanean
Alternatiba horiek esparru guztietan daude. Izan ere, Bizi! mugimenduak klima aldaketaren aurkako borrokaren testuinguruan abiarazitako Alternatiben Herrien segidan kokatu dute Bilbokoa, baina esangura zabalagoa emanez.
Hala, ingurumenari eskainitako "Natura gure gaia" guneaz gain, beste lau paratu zituzten Bilboko Alde Zaharraren inguruetan: Bizitza anitzak eta duinak; Arragoa (hizkuntza, hezkuntza eta kulturari eskainia); AuzoEKOnomia; eta Parte hartzea, demokrazia eta subirautza.
Ikusmolde askotako eragileen elkarlanaren fruitua izan da Alternatiben Herria, nabarmendu dutenez. "Eguzki sistemarekin konparatzen dut nik", adierazi zigun Mikel Saralegik, "planeta bakoitzak bere orbita du baina denak eguzki beraren inguruan". Autonomia osoz dihardu eragile bakoitzak, baina elkarlana iraunkorra izateko baldintzak ezarri dira. Beste kultura politiko bat sortzen ari da, Olatz Dañobeitia Ceballosen berbetan.
Maila guztietan burujabe izateko nahia
Alternatiben Herria antolatzeko prozesua bera aurrerapausotzat jo zuen Saralegik, egunean bertan egindako bat-bateko balorazioan: “Auzolanaren beharra sumatu da”. Egunak emandakoaz, berriz, jende asko mobilizatu izana azpimarratu zuen; izan ere, mobilizazio molde desberdinak daudela agerian utzi du ekimenak, haren esanetan.
“Maila pertsonalean, pertsonen arteko harremanetan, naturarekiko loturan, herri moduan… burujabe izateko nahia agertu dugu”, Saralegik aldarrikatu zuenez.
Argazki bilduma
Irantzu Pastorrek ARGIArentzat egindako argazkiak: