argia.eus
INPRIMATU
Kultura etxetik atera ahalko da... areto erdi-hutsetara
  • Espainiako Gobernuak etxealdia bukatzeko iragarri duen fase bakoitzean kultur bizitza berreskuratzeko aukerak izango dira: 0 fasean liburu-dendak, 1 fasean museoak eta liburutegi publikoak eta 2 fasean antzokiak, zine- eta kontzertu-aretoak. Ezarritako baldintzek, ordea, ikusle kopurua zorrotz mugatzen dute eta horrek galdera berriak planteatzen ditu zenbait ikuskizunen bideragarritasun ekonomikoaz.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2020ko apirilaren 29a
Zine aretoak hutsik egon dira azken hilabetean eta badirudi etxealdia amaitzen hasteko faseetan ere erdi-hutsik egongo direla asko jota.

Kasurik onenean maiatzaren 25ean ireki ahal izango dira berriro zineak, antzokiak eta kontzertu aretoak, betiere pandemiaren eboluzioak horretarako baldintzak aukera ematen badu. Hala iragarri zuen atzo Pedro Sanchez Espainiako presidenteak. Gainera, espazio kulturalak berriz irekitzeko aukera neurri zorrotzei lotuta egongo da, bertan elkartu ahalko den jende-kopurua mugatuko baita, besteak beste.

Espainiako Gobernuak iragarritako lau faseko programaren bigarrenean sartuko dira, beraz, ikuskizun kulturalak eskaintzen dituzten espazio asko.

Astearteko prentsaurrekoan aipatu ez bazituen ere, museoetan ere normalean sar daitekeen jendearen herenera mugatuko da edukiera. Hori bai, museoek aretoek baino pixka bat lehenago ireki ahal izango dute, Moncloak konfinamendua arintzeko faseen lehenbizikoan sartu baititu, maiatzaren 11tik aurrera hasiko denean, alegia. Liburutegi publikoen kasuan ere, maileguak emateko bakarrik irekiko dira, irakurketa-gelak itxita mantenduz, ondo bidean maiatzaren 11tik aurrera.

Liburu-denda txikiak, aldiz, maiatzaren 4tik aurrera ireki ahalko dira pandemiaren eboluzioari buruzko datuek horretarako aukera ematen badute, izan ere, Moncloak 0 fasearen barruan sartu ditu, saltoki txikiekin batera. Berriz ere, “segurtasun baldintza zorrotzak” dira hitz gakoak argitaletxeentzat hain garrantzitsuak diren komertzio hauen itzuleraz hitz egitean.

Ikusle-kopuru mugatuak, etxealdi kulturala arintzeko gakoa

Faseak eta epeak alde batera utzita, badirudi etxealdi kulturalaren amaieran gakoetako bat publiko-kopuruaren kontrola izango dela: areto itxietan gehienez 30 lagun elkartu ahal izango dira 1 fasean –maiatzaren 11tik aurrera– eta 200 lagun gehienez ikuskizuna aire librean egiten bada, ikus-entzuleak eserita dauden bitartean. Bigarren fasean, gehienez 50 lagun (areto itxiak, edukieraren herena bakarrik beteko dela errespetatuz) eta 400 (aire librean eta eserita) elkartu ahal izango dira.

Astearte honetan iragarritako neurriek ez dute argitu kulturan diharduten profesional askok daukaten zalantza: ea alarma egoera amaitzen denean ikuskizun kulturalek publiko mugatuarekin jarraituko duten. Pedro Sanchezek COVID-19aren txertoa aurkitu arte luzatu du “normaltasun berri” honen iraupena eta horrek kezka eragiten du, aretoen edukiera hain zorrozki mugatuta zenbait jarduera kultural ez direlako ekonomikoki bideragarriak.