Kultura ezinbestez defendatu eta elikatu behar dugu altxorra eta bizipoza delako. Eta aurten ere, oztopoak oztopo, Mutrikuko Rock Kolektiboak antolatu du AbenduRock jaialdia: dokumentalak eta kontzertuak gaztetxean eta kiroldegian. Horiek guztiak profesionaltasun eta mimo handiz eginak.
Zeresana ematen ari den Rö talde instrumental finak zabaldu zuen arratsaldea. Argi dituzte gauzak eta argi joko oso inspiratuaren laguntzarekin azkoitiarrek erabat barneratu gintuzten espiral gisa eta mozketa oso zorrotzekin osatzen duten bidai zabal eta aberats batean: pop-a, metala, stonerra, progresiboa eta, zergatik ez, giro orkestralak ere erdietsiz. Soinu gardena izan zuten eta emanaldi dotorea izan zen.
Horren ostean, aspaldiko partez ikusteko irrikan nengoen Petti & Etxeko Uzta. Beratarra maisua da konposatzen, abesten eta gitarra jotzen. Eta luxuzko taldea osatzen du Iñigo Telletxea, Joseba Irazoki eta Ander Zulaikarekin; itzelezko banda osatzen dute. Eroso ikusi genuen taldea, eroso eta gustura, eta hori ezin da antzeztu.
Xuxurlatuz hasi zen Zaldi emozionalak berriena aho artean, tenpo lasaian countrytik hurbil. Argiak errepidean-ekin, ostera, piztia azaleratzen hasi zen amerikar traza hartuz eta basati bihurtuz. Errurik gabeko habia-n euskal kantagintzan jarri zituen hankak eta ahotsa; eta ondo zahartutako Eman eta hartu klasiko itsaskorra oparitu zigun ostean. Erramurik gabeko gauak-ek ere folka du oinarri pop-rockean inpultsua hartzen badu ere; eta Ni naiz ilunagoan gitarrek Neil Young eta Antietam-en malenkonia mingarria hartu zuten lema.
Petti & Etxeko Uzta eta Rö, AbenduRock jaialdian. Abenduaren 19an Mutrikuko kiroladegian.
Telletxea goxo, baina beti bezala oinarri sendoa jartzen; Zulaika tinko eta disfrutatuz; Irazoki bere munduan gitarrari nahi besteko doinu eta ñabardurak ateratzen; eta Petti, daukan ahots txirrio eta talentuari kargu egiten.
Helduentzako sehaska kantua-n tenpo lasaiari ekin zioten baina kiribiltzen eta hazten joan zen eztanda eginez. Zure begia, haien zizarea-n ez zuten plantarik egin: Stones-en pareko riff bat ardatz eta Velvet hegan, pieza rockero, harro eta itsaskorra exekutatu zuen bandatzarrak. Eta behin abiadura eta tenpoa hartuta… infernuraino: Nola ezetz pub-rocka da, rockeroa eta erabat erritmikoa; Galdera trinkoak Etxarten Eskual rock and roll eskolakoa (Balerdi Balerdi-ko Zaratrusta elektrikoa lagun agertokian); eta balerditarrak hirugarren gitarra hartuta Osaba Tom-en (alegia, Tom Pettyren) Running down a dream garraztuta eta handitutakoa oparitu ziguten.
Zer gehiago? Bada, goxo jaio, erritmoa biderkatu eta ilunduz muturrera eramanda Morriconek larunbat gau batean idatzi zezakeen Amaiera; eta rockeroa, pisutsua eta itsaskorra den Ez barkatzen hit-arekin agurtu ziren.