Azaroaren 17an Bizilagunak egitasmoa antolatuko dute. Etorkinak, errefuxiatuak eta bertoko familiak bazkaltzeko elkartuko dira Araban –Bizkaian eta Gipuzkoan ere antolatuko da egitasmoa–. Nazioarteko kultura desberdinetik etorritako jendeen arteko egun berezi honek laugarren aldia izango du aurten.
Angelines Ortiz de Arrizabaleta (Agurain, 1957) eta Nora Reyes (Neyba, Errepublika Dominikarra, 1961) Bizilagunak proiektuaren aurreko hiru edizioetan aritu dira nazioarteko kulturak ezagutzen Agurainen. Beste pertsona batzuekin izandako hartu-emanaren inguruan eta bakoitzaren esperientziaren inguruan mintzatu dira.
Zein helburu ditu Bizilagunak proiektuak?
Angelines Ortiz: Helburua, proiektuak dioen bezala, bizilagunak sortzea da. Sare bat sortzea dugu helburu, kultura desberdinen arteko lotura egitea da asmoa. Aurreiritziak eta estigmak hausteko sentsibilizazio lan bat da.
Nora Reyes: Ez dugu bi familia edo bi lagun talderen arteko bazkari bat antolatzen soilik. Bazkari horren bitartez, aurrerantzean harreman horiek mantendu eta kultur aniztasunari bidea eman nahi diogu. Bizikidetzari bidea ematen die bazkari horiek.
Zer ekarpen egiten dizue egitasmo honek?
N.R.: Herriarentzat aberasgarria da egitasmoak ematen duen fruitua. Bertakoak eta kanpotik datozenen arteko erlazioa estutzen laguntzen du. Anfitrioi zein gonbidatu papera interesgarriak dira. Ni bi aldeetan egon naiz.
A.O.: Nik ere anfitrioi zein gonbidatu papera izan dut. Bazkari horiek kalean hitz egiten ez diren gaien inguruan eztabaidatzeko edo ideiak partekatzeko balio dute, alde horretatik oso interesgarria da. Laguntasunak sortzen dira, gainera.
Aguraindarrek eta euskal herritarrek zenbaterainoko inplikazioa dute?
A.O.: Uste dut euskal herritarrak erantzun ona ematen ari direla. Nazioarteko kulturekiko interesa badagoela pentsatzen dut, eta urteak aurrera joan ahala, gero eta euskal herritar gehiagok ematen dute izena. Baina ez da egun batetik bestera aldatzen den joera bat.
N.R.: Inplikazio gutxiegi dute, akaso. Baliteke hor jarri behar izatea indarra datozen edizioetan. Nazioarteko jende ugari biltzen gara, baina nik behintzat hemengoen jende falta ikusten dut. Espero gorantz joatea kopurua.