Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).
Berako Goldatz talde feministak Kultur transmisioa feminismotik zikloa antolatu du urtarrileko lehen astebururako. Herriko besta eta ohituretan emakumeek duten paperarekin kezkaturik, dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia antolatu dute, honen inguruan hausnartzeko. Horrela, ortzirale honetan (urtarrilaren 3an), Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan, 17:30ean. Biharamunean berriz, urtarrilaren 4an, Maggie Bullen antropologoarekin batera, solasaldia izanen dute Berako bestetako tradizioak aztertzeko asmoz.
Goldatzek Maggie Bullen antropologoa deitu du Berako bestetako tradizioen inguruan hausnartzen laguntzeko eta egin nahi diren aldaketen prozesuan ere bidelagun izateko. Bullen berak azaldu duenez, hausnarketa prozesu hau azterketa batekin abiatuko da, kultura sozializazio bezala hartuz, eta ez hainbertze transmisio bezala: “Kultur transmisioaren inguruan hitz egitean pentsatzen dugu zerbait finkoa dela eta modu berean pasatu behar dela belaunaldiz belaunaldi. Solasaldi honen abiapuntua berriz, transmititu nahi dugunaren inguruan hausnartzea izanen da, ohiturak berrikusiz. Gizarteak bilakaera du eta hori aztertu nahi dugu, Beran duguna eta dugun hori nola egokitu edo aldatu transmititzeko, beti ere feminismotik”.
Azken hogei urteetan Euskal Herriko ohituretan emakumeen papera aldatzen joan dela ere onartu du Bullenek, baina askotariko egoerak eman direla bidean. Bidasoaldean aski ezaguna den alardearen gatazka aipatu du antropologoak, eta “horrek beste herrietan bultzatu dituen hausnarketa prozesuak”. Herri batzuetan gatazkak egon diren bitartean, bertze batzuetan erresistentzia taldeak sortu dira eta bestak ospatzeko modu desberdinak sortu dira, elkarbizitzen saiatu direnak. “Gauza asko aldatu dira eta lortu dira”, adierazi du Bullenek.
Hala ere, emakumeen partehartzea sustatzeko aldaketa gehiago egon behar direla ere azpimarratu du eta horretarako lehen urratsa, “gelditu eta hausnartzea” dela aipatu du: “Zein egoeratan gaude? Nolako parte hartzea dago? Ez kuantitatiboki, baizik eta kualitatiboki, nola parte hartzen da ekitaldietan eta kultur praktiketan? Erabakiak hartzen dituzten emakumeak badira?”. Hausnarketa prozesu hori abiatzeko ordea, “koordinazio bat egon behar da kultur eragileen artean pentsatzeko zer den aldatu nahi dena eta nola egin nahi den”, gaineratu du antropologoak.
Bullenen esperientzia kontuan hartuta, aldaketen gakoa “talde motorra” dela baieztatu du, “nork bultzatzen duen aldaketa eta nork duen erabakitzeko boterea”. Horren erantzule udalak direla erran du antropologoak, baita jai batzordeak edota talde feministak ere. Funtsean, “erabakiak hartzeko boterea duen taldea eta gizartean onespena duena” izanen da ohiturak aldatzeko gakoa izanen duena.
Larunbateko solasaldia, “ahalik eta dinamikoena izatea” espero du Bullenek. Hasiera batean, “hainbat kontu mahaiganeratuko” dituztela argitu du eta horren ondotik, dinamika bat planteatuko dute “Berako kulturan edo tradizioetan ikusten dena aztertzeko eta aldatu nahi dena identifikatzeko, hori nola egin behar den hausnartzeaz gain”. Sorkuntza ere landuko dutela aipatu du Bullenek, ingelesez erraten den bezala “out of the box” prozesu bat abiarazteko. Hain zuzen ere, bakoitza bere baitatik ateratzeko eta bere ideietik harago joateko dinamika izanen da, “denen artean ideia berriak ateratzeko”. Lanketa prozesu honekin, oro har, Maggie Bullenek Berako herriak aldaketak abiatzeko prozesuan lehen urratsa ematea nahiko luke.
Solasaldiaren aitzinetik, Goldatz talde feministak Jantzari dokumentala proiektatuko du ortziralean, urtarrilaren 3an, Berako Beralandetan (17:30). Unai Esturok ekoitzitako lanean, Iurretako kasua aztertzen da. Dantza irakaslea da Esturo eta lehen lerrotik bizi izan zuen emakumeak nola hasi ziren ordu arte gizonentzat soilik izan ziren herriko dantzetan parte hartzen. Azken aldian gainera, Iurretako dantza taldean geroz eta gizon guttiagok parte hartzen zutela ikusi zuen eta honen guztiaren inguruan hausnatzea izan zen dokumental honen helburua, tokiko egoera bat Euskal Herri osora zabalduz. Maggie Bullen berak ere dokumentalean parte hartu zuen eta berak adierazi bezala, “interesgarriak dira bertan azaltzen diren gaiak. Mahai gainean jartzen du gaur egungo Euskal Herriko hainbat herrietako egoera eta horiek izanen dira larunbatean landuko ditugun gaiak ere”.