argia.eus
INPRIMATU
Kultur Hiriburuaren zigilua eta egoitzarentzat ideiak, AuzoLab-en lehen emaitzak
  • AuzoLab parte hartze prozesuetan lanean aritu dira bi talde Donostia 2016-k bultzatutako bi erronkari erantzuteko: suhiltzaileen egoitzako 0. solairuari erabilpen berriak aurkitzea eta Europako Kultur Hiriburuaren baloreak islatuko dituen “zigilu” identifikatzailea diseinatzea. Egindako lanaren emaitzak aurkeztu eta irailean bi prozesu berri hasiko direla iragarri dute.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko abuztuaren 04a
Artearen eta berrikuntza sozialaren inguruko profesionalak eta boluntarioak aritu dira AuzoLab laborategietan. Arg.:conexionesimprobables.es)

Artearen eta berrikuntza sozialaren inguruko profesionalez eta boluntarioez osatutako taldeak aritu dira AuzoLab laborategietan.

Suhiltzaileen egoitzako beheko solairuaren erabilera birdefinitzeko proiektua landu dute laborategietako batean eta koordinazio-lanetan Ixi Garcia Pink Gorillas kolektiboko kidea eta Maushaus kolektiboko Anabel Varona eta Carlos Arruti kideak aritu dira. Egun kultur hiriburuaren merchandisinga saltzeko denda bakarrik hartzen duen espaziorako “eredu malgua” sortu dute, hiriko eragile anitzak barnebiltzeko.

“Zigilua” izeneko bigarren AuzoLab-a ere amaitutzat jo dute. Maiatza eta ekaina bitartean, herritarren bi talde aritu dira Europako Kultur Hiriburuaren baloreak islatzeko elementu identifikatzailea sortzen. Taldeetako bat Ania Bas artista poloniarrak zuzendu du, eta bestea Ricardo Anton ColaBoraBora-ko kideak.

AuzoLab-etako lan taldeak uztailaren 22an elkartu ziren lortutako emaitzak aurkezteko. Conexiones improbables Plataformak aztertu ditu emaitza horiek, eta ateratako ondorioak Donostia 2016ri gomendatu dizkiote, bulegoak erabaki dezan ze aholku eraman praktikara.

AuzoLab-en webgunean eskuragarri daude, bai “Suhiltzaileak”, bai “Zigilua” prozesuetan egindako lanaren txostenak.