Eta konturatzerako 2016an gaude, Europako Kultur Hiriburua da Donostia, gertakizunak urte osoko titularrak beteko ditu. Foku handitik kanpo ere kultura asko dago, dena den. Eta hor mugitzen denak ibilbide luzeagoa izango du segur aski urteko ebentoak baino.
Zikloek garrantzia dute. Badirudi gure bizi esperientzia antolatzeko hasiera eta amaiera duten faseak eskatzen dizkigula lepoa baino pixka bat gorago daukagun prozesagailu grisak. Esperientzia kolektiboak izan daitezke zikloak, epe historikoak adibidez; edo hain titulu handia merezi ez duten arren, izaera berezia eduki zuten denbora-tarteak –“institutua” esatean, adina gorabehera, askok bizi izan dugun bizitzako ziklo bat etorriko zaigu burura–. Gauza xumeagoak ere izan daitezke, bizipen pertsonalak adibidez: astebururo lagunekin ateratzen zinen garaia, taberna jakin batean gosaltzeko ohitura eduki zenuen sasoi hura. Demagun koaderno batean hitzak apuntatzen zenituen aldia.
2015aren hondarrean amaitu zitzaizkion orrialdeak kazetari honek lanean urtebete baino gehixeagoz erabili zuen ohar-blokari –Moleskine markakoak imitatu nahi zituen propagandako kaiera beltz bat–. Aukerarik zentzudunena orri pila zikindu hori birziklatzera botatzea zen, baina Diogenesen sindrome emozional batek jota bezala –barkatu Anari, ez dut berriro egingo–, lehen orritik azkenera irakurtzeari ekin nion.
Donostiako alkate zenean Juan Karlos Izagirrerekin izandako elkarrizketa baten oharrek betetzen dituzte lehenbiziko orriak. Gaia, Donostia 2016. Elkarrizketan hartutako azken apunteak zera dio: “Apustua oinarrizko kulturaren alde, baina beste ebento batzuek ere hiriari izena-izana. Osagarriak dira”. Legegintzaldiko azken hilabeteei ekin aurretik ari zen hizketan Alderdi Ederreko udaletxean. Bilduk Kultur Hiriburuaren inguruan hartutako jarrera azaldu nahi zuen: hiriko beste kultur adierazpideei muzin egin gabe, Zinemaldia edo Jazzaldia bezalako festibal handiek eta 2016ak ere beren lekua behar zutela, hiriburu turistikoa baita Donostia azken finean. Ez ziren aukera kontrajarriak bere ustez.
Europako Kultur Hiriburuak urte osoan emango du zeresana. Ikusi beharko da bestelako fenomeno kulturalekin nolako elkarbizitza izango duen gertakizun handiak
Urtea ere ez da pasa Udal eta Foru hauteskundeetatik, baina Donostiari dagokionez behintzat, tokitan geratu da asmo oneko osagarritasun kultural hori. Galdetu bestela Kortxoenea gaztetxetik makil-dantza ez oso folkloriko batean atera zituzten lagunei. Ahalik eta azkarren hustu nahi zutela dirudi, Kultur Hiriburuaren etorrerak autogestionatutako guneekin inkonpatibilitateren bat eragingo balu bezala EAJ-PSE tandemeko agintari berrien irudiko.
Herritarrek beren kabuz martxan jarri zuten kulturgunea hiriak harro erakusteko moduko zerbait izan daitekeenik ez zen kontuan hartu. Miopia politikoaren erakusgarri da. Balirudike katalejuekin bakarrik preziatzen dituztela zenbaitek etxe ondoan ere badauzkaten fenomenoak: Berlin edo Amsterdami kolorea ematen dioten squatter, nola esan, “interesgarri” eta “alternatibo” horiek okupa jasangaitz bihurtzen dira gure herri eta hirietan.
Besteen kartografia
Koadernoaren erdi parean 2015eko apirileko apunte batzuk, Manuel Delgado antropologo kataluniarrak Kultur Hiriburuaren harira emandako hitzalditik: “Kultura izan liteke beste zerbait, baina bahituta daukaten horiei kendu behar zaie. Kultura egunero dago kalean, denak gara izaki kulturalak”. Guztia eta ezer ez, hori da kultura: adierazle aldakor bat, presentzia apur bat daukan hitza, lehian bizi den termino bat, nork zein esanahirekin beteko.
Nonbait erabaki da Donostia 2016ren baitakoa kultura dela eta Kortxoenean egiten zena ez. Modu horretan, kanal batzuk besterik ez dirudite autorizatuta kultura gisa jendarteratzeko; ondoren, bide ofizial horretan parte hartzeko gonbidapena luzatzen zaie herritarrei. Ez du hainbeste inporta zenbat jendek erantzungo dion deiari, garrantzitsuagoa da ohartzea bide horretatik 2016ko ekitaldietan izango diren herritarrak hiri osoaren ordezkari legitimoak bihurtzen direla bitartekaritza instituzionalaren graziaz.
Ikuspegi heteronomotik antolatu den zerbaiten aurrean geundeke 2016aren kasuan: ez herritarren borondatearen kontra, baina bai nolabaiteko indiferentzia giroan
Maiz esaten da Europako Kultur Hiriburua bezalako gertakizunek hiri bat edo eskualde bat “mapan kokatzen” laguntzen dutela. Ez da kartografoa izan behar Donostia mapetan jada agertzen dela jakiteko. Kontua da nork bilatzen duen zer nongo mapan. Donostia badago, esan beharrik ez da, donostiarren mapan, baita euskal herritarrenean ere, eta inguruko askorenean. Eta beraz, “mapan kokatzea” aipatzen denean irudipena baino gehiago da nazioarteko turismo-zirkuitu oraindik esplotatu gabeez ari zaizkigula. Problema beraz, begi-bistakoa da eta, era berean, gutxitan aipatua: ez dirudi Donostiako biztanleak direnik 2016aren xede-talde nagusia. Eta kultur hiriburua tokiko behar kulturaletatik ez zela abiatu esatea ere ez da gehiegikeria.
Ikuspegi heteronomotik antolatu den zerbaiten aurrean geundeke 2016aren kasuan. Ez du esan nahi herritarren borondatearen kontra ospatuko denik, baina bai akaso nolabaiteko indiferentzia giro batean. Ez da ikusten gizartearen bultzada berezirik, erakunde publiko eta pribatuak ditu sustatzaile nagusi; badatorrena hartzen da, zer den oso ondo jakin gabe, bestela izateko aukera handirik gabe.
Programan badira, noski, publiko mota diferenteentzat gustagarriak izango diren ekimenak eta Donostia bezalako hiri batek metabolizatu dezakeena baino eskaintza zabalagoa izango dela dirudi urteko aurreikuspenari begira jarrita. Pasatzen denean argiago ikusiko da hainbestetan aipatu den Kultur Hiriburuaren “legatua” zertan geratzen den.
Xumetasun hau gu gara
Egia esan, heteronomiaren hau ez dugu kontu berri-berria. Jarduera kulturalek berezkoa duten logikaren ordez kulturgintza beste esparruetatik etorritako lehentasunen arabera antolatzea oso geurea dugu eta ez da 2016ari edo erakundeetatik bultzatutako ekimenei bakarrik kritikatzen ahal zaien zerbait. Marko orokor baten bila gabiltzala dirudi herrigintzak edo euskalgintzak –adibidez– dituzten premiei kulturatik erantzuteko. Kultura nahi dugu gazteek euskara eguneroko bizitzan errazago erabil dezaten. Kultura nahi dugu Basque Country marka atzerrian salgarriago egiteko. Kultura nahi dugu gainontzeko esparru guztietan mutur joka ari daitezkeen sentsibilitate politikoetako jendeek elkarrekin txalotzeko erreferente amankomuna eduki dezaten urtean behin sikiera.
Ez dela atzo goizeko kontua, ez: “Kultura delako hori”, irakurtzen dut koadernoko apunte batean, “besterik ez dagoenerako gelditzen da, edota, euskaldunaren aspergo eta nekeak edozein aktibitate moeta harriskuan jartzen duenerako (hijiene funtzioa, hots, kultura dutxa zentzuan)”. 1979ko Pott aldizkari batetik hartua da.
Komunitatea osatzeko eta trinkotzeko tresna izan daitezela eskatzen diegu kultur adierazpideei. Badirudi hori egiten ez badute, ez dutela berezko baliorik
Komunitatea osatzeko eta trinkotzeko tresna izan daitezela eskatzen diegu kultur adierazpideei, denok bat egingo dugun kontsentsuzko espazioa osa dezatela; eta funtzio hori betetzen ez badute, badirudi ez dutela balio salbu eta literaturaz, musikaz, antzerkiaz, zinemaz, artelanez eta gauza horietaz gauza horiek direlako hain zuzen interesatzen den jendearentzat.
Baina kultura izan daiteke, eta izan beharko luke, eztabaidarako espazio. Arteetatik egin daiteke gizarteko gertaeren irakurketa propio bat, sormenak lagun dezake herri batean nagusi den ordena sinbolikoa birpentsatzen, erresistentzia guneak sortzen, indarrean diren oreka batzuk aldatzen, gizartearen tabu batzuk azaleratzen. Badago horien guztien premia, izan ere, gaur egun euskal politikan dagoen arazo nagusietako bat kulturala dela esango nuke: hamarkadetan gatazkaren buklean bizi ondoren bestelako egoera sortu da, baina momentu hori ertz guztiekin gure buruei kontatzeko erreminta egokirik ez dugu aurkitu. Agian pasatako guztiaren dolu fasea bizi dugu eta klima horrek esplikatzen du beste garai batzuetako atrebentziak armairuan utzi izana. Agian egiturazko kontua da: duela berrogei urte inguru sortzen hasi ziren instituzio kultural multzoa mantentzearekin nahiko lan badute ondorengo belaunaldiek, irudimena irautera bideratzen da, ez hainbeste gauza berriak sortzera.
Gainera, ez dakit tendentzia hori aldatzea posible izango ote den bertako kulturgintzari berezko logika baten arabera funtzionatu dezakeela aitortzen ez zaion bitartean. Homologitisak jota gaude, eta gaitza hilgarria ez den arren, asko baldintzatzen gaitu. Nahi genuke izan kultura normalizatu bat, herri normalizatua izateko. Baina “normala” hitza, “kultura” bezala, negoziazio asko eskatzen duen terminoa da, azken batean, eguneroko praktiken poderioz definitzen den zerbait baita.
Antonio Centeno dokumentalgileari hartutako hitz batzuk koadernoko azken orrietan, iazko abendukoak, aniztasun funtzionala duten pertsonen sexu harremanei buruzko Yes, we fuck filmaren harira: “Normaltasuna ideia mitologikoa da, inor ez da definitzen ausartzen, aski baita normala ez dena seinalatzea norbera normal sentitzeko”. Euskal kulturarekin etengabe horixe gertatzen ez ote den: ez-normal gisa sailkatuko dizute beste komunitate linguistikoan bakarrik bizi direnek –elebakartasuna normala balitz bezala– eta ez daukazu tresnarik horri buelta emateko. “Bestea” zara, zure burua arraroa dela sinesten bukatzen duzu.
Eguneroko praktikak eta existitzen den errealitate kultural euskalduna erdigune gisa hartu ordez, bolumen handiagoa daukaten kulturekin –ez izan oso imaginatiboak: Espainia eta Frantzia– konparatzen dugu gure burua etengabe, haien antza eduki nahi bagenu bezala; eredu imitagarri bakarra balira bezala. Eta hori egitearen poderioz, gutxiagotasun konplexu batek bizi gaitu. Erdaretan aurkitzen dugun hori euskaraz nola erreproduzitu pentsatzen hartzen ditugu nekeak, euskarak baino eskaini ezin duen horri garrantzia eman beharrean. Berritasunak logika propio eta kualitatibo batetik planteatu ordez, jende piletara iristea lehenetsi dugu, jendea, jendea, jendea, gu ere jende ez bagina bezala.
Alboko kultura handiagoen kopuruekin lehian sartu nahi izan duten proposamenak izan dira apustu nagusia azken denboretan, berdin instituzioetatik bultzatuta edo herri ekimenetik. Milaka lagun erakartzeko moduko kontzertua antolatu dezakeen euskal taldea. Euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez duenak ere erraz leitu dezakeen nobela. Komedia arineko antzezlana. Akaso bada garaia estrategia horrek bete duen leku zentrala auzitan jartzeko, ez baitu eman fruitu bereziki jangarririk.
Bizi dugun ziklo aldaketa momentu ezin egokiagoa da hor izan diren –eta foku handiek argitu ez dituzten– ekimenei beste maila bateko balioa aitortzeko. Koaderno batek eman dezakeena: orrialde batean “Donostiako Garoa liburu dendaren lehen urteurrena” irakurtzen duzu; ondorengoan “Munduko Poesia Kaierak - aurkezpena” eta handik beste pixka batera “Joxemiel Bidador pastorala”, “Gernikako Astraren hamargarren urteurrena”, “James Joyceren Ulises euskaraz”… Ez dira titular handietako kontuak, ez daude estrategia nazional zehazki planifikatutako baten barruan eta ez dira jendetza ikaragarriak mobilizatzeko asmoz martxan jarri. Sortzen duten balioa ere, nekez kalkula daiteke kulturarenak ez diren parametroetan. Eta hala ere, inpresioa ematen dizu koadernoari begira, hemendik urte batzuetara gogoratuko zarela apunte horiek hartu zenituen egunez.
Beldurrik gabeko kultura baten alde
Kulturak sentsibilitateari eragiten dio batez ere, hori da gizartean eragiteko daukan espazioa. Zentsurak agintzen duenean, adibidez, kultura izan daiteke libreago adierazteko tokia, gauzak beste modu batera esan ahal izateko askatasuna ematen duen zerbait. Beldurra nagusitzen denean, kulturak lagun dezake uxatzen. Instintu sozial ikaragarriak agertzen direnean, kulturak eskaini beharko lituzke kontrapuntuak, gauzek hartzen duten ordena ustez naturala zalantzan jartzeko bideak.
Michel Houellebecq idazleak polemika eragin zuen iazko urte hasieran Frantzian, Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako atentatuekin bateratsu argitaratu zuen Sumisioa zela-eta. 2022. urtean kokaturiko antizipazio-nobela hilabete batzuk geroago publikatu zuen euskaraz Meettok argitaletxeak Gerardo Markuletaren itzulpen lanari esker. Liburutik deigarriena egin zaidana: protagonistak nola lortzen duen pertsonifikatzea gizarte-loturarik ezak sortzen duen ezinegona hondoratzen ari den ongizate estatuaren testuinguruan. Oso nobela frantsesa izanik ere, Europar Batasuneko beste hainbat lekutara estrapola daitekeen zerbait da: erortzen ari dira estatua, hezkuntza, ohiko alderdi politikoak edo familia bezalako instituzioak. Erreferente sendorik gabe geratzen ari da Frantzia zuri eta laikoa; eta gainera, gauzak askoz argiago dauzkatenak, musulmanak, antolatzen hasi dira. Frantziaren islamizazioa hipotesi gauzagarritzat jotzen du eleberriak modu aski probokatiboan. Besteak gain hartu eta daukazun apurra kenduko ote dizun: ikara horrek eraman ditu milaka frantziar Front Nationalari batere fikziozkoak ez diren botoak ematera, langile klaseko auzoetan modu bereziki deigarrian.
Hamarkadetan gatazkaren buklean bizi ondoren bestelako egoera sortu da, baina momentu hori ertz guztiekin gure buruei kontatzeko erreminta egokirik ez dugu aurkitu
Horrelako beldurrak sumatzen hasiak gara gure herri eta hirietan ere, eta iruditzen zait beste esparruetatik bezainbeste erantzun behar zaiola kulturatik. Ez baita zaila euskal kulturan berezkoa den joera kontserbazionista beste zerbait bihurtzea, puskaz itsusiagoa den kontserbadurismoa. Osatzen dugun komunitatea modu zurrunegian ulertzeak eraman gaitzake horretara, eta dena esaten hasita, kezkatzekoa ere bada azkenaldian zenbat ari diren ugaritzen mota horretako jarrerak. “Lehen argiagoa zen euskal identitatea, orain ari da nahasten” bezalako esaldiak irakurtzen dituzu prentsako iritzi-artikuluetan eta zalantzan hasten zara ea zenbaitek ez ote duten bukatuko beste garai batzuetako euzkeldun garbijak aldarrikatzen.
Arrazoi ugarirengatik ager daiteke beldurra. Izan daiteke, adibidez, benetako arrisku momentuak ekartzen duen alerta egoera –eta kasu horretan, beharrezko erreakzioa da–; askotan ordea, arriskurik ez dagoenean ere azaltzen da, eta erantzun fobiko gisa ulertu behar da. Adibidez, komunitate gisa desagertzeko balizko arriskuak paniko-erreakzio gisa baino ulertu ezin diren jarrerak elikatzen ditu gure artean. Horri gehituz gero kultura eta identitatea modu esentzialistan ulertzeko joera, koktel arriskutsua eduki genezake esku artean.
Arriskuan gaudela ohartarazteko, arreta guztia euskaldunok jasaten dugun zapalkuntzan eta kultura handiagoen nagusitasunean jartzen dute batzuek, konturatu gabe –espero dut– horrela haien ahalmena gaindimentsionatu besterik ez dutela egiten. Euskaraz egiten dena hutsaren hurrengora zokoratzen du jarrera horrek, benetan dena baino egoera itsusiagoan gaudela pentsarazi beharrez. Baina horri kontra egiteko baikorkeria naïf batek –“asko egin da azken urteetan, ikastoletatik-eta”– ez du askorako balio, gutxiagotua sentitzen denarentzat iraingarria ere gerta baitaiteke orain artekoa baino helduleku sendoagorik eskaintzen ez zaiola ikusteak.
Dena den, badago azken mohikanoaren konplexupean bizi diren euskaldunen eta “dena primeran doa” diotenen artean aukera interesgarririk: baikortasunez, praktikatik eta beren kasa ari diren sortzaile eta kulturzaleena, adibidez. Zer garen definitu nahian jardunaldi, artikulu sorta eta eztabaida amaiezinetan denbora pasa ordez, izan gaitezkeena etengabe birdefinitzen, esparruak zabaltzen eta euskaraz sortzen den kulturaz gozatzen dutenen jarrera da. Kultura praktika multzo bat denez, egitea lehenesten dutenena –izan, dagoeneko, bai baitira–.
Horien esku dago euskal kultura gaur iristen ez den tokietara eramatea. Batek daki koaderno berri batekin hasiko dugun zikloa gauza handiagoa ere ez ote den izango denboraren argitan.