Lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote zigortutako gazteari. Beste pertsona bat hiru urteko espetxe zigorra jasateko arriskuan dago, Kukutzarekin Elkartasun Taldeak (KET) gogorarazi duenez.
KET taldeak baloratu du sententzia Zirika Herri Gunean egindako agerraldian, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak erabakia iragarri eta astebetera.
Hemezortzi atxilotuak iazko irailean epaitu zituen Bilboko Hirugarren Zigor Auzitegiak. Bederatzi hilabeteko zigorra jarri zioten auzipetu bakoitzari “desordena publikoa” egotzita, eta 84.000 euroko kalte-ordaina.
Helegitea jarri zioten sententziari, eta erabakia atzera bota du orain Lurralde Auzitegiak. Atxilotutako hemeretzi lagunetatik hemezortzi absolbitu egin ditu, eta bati lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote.
“Manifestazio eskubidea gauzatzeagatik” atxilotu zituzten hemeretzi lagunak, Elkartasun Taldeak salatu duenez. Epaiketan parte hartu zuten ertzainen testigantzak “kontraesankorrak” izan zirela gehitu dute, eta adierazi dute atxilotuen funtsa “ahulenekiko ausazko erasoa” izan zela.
Ez da azken kasua
Ez dira Kukutzaren aldeko mobilizazioen harira auziperatutako bakarrak. 2015eko urtarrilean beste 23 lagun epaitu zituzten usurpazio delitua leporatuta; 22 absolbitu egin zituen epaileak. Bati, ordea, hiru urteko espetxe zigorra ezarri zioten atentatu delitua egotzita.
Helegitea jarri zioten sententziari eta erabakiaren zain daude orain. Dena den, orain arteko epaiketa guztietan auziperatutako guztiak absolbitu dituzte, eta hura ere absolbitzea espero dute.
Uriola.eus hedabideak prentsaurrekoaren bideoa egin du