Bilbon eta Donostian mobilizazioak eginen dituzte larunbatean gaztetxeen alde. Deialdi bateratua egin dute Kukutzako 19 auzipetuei eta desalojo arriskuan den Kortxoeneari babesa adierazteko.
Bilbon “desordena publikoa” eta “erresistentzia” leporatzen diete auziperatutako 19 gazteei, eta 18 hilabetetik lau urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen du fiskaltzak haientzat. Kukutza bizirik. Elkartasuna ez da delitua! lelopean abiatuko da manifestazioa Bilboko Jesusen Bihotzetik 18:00etan. Zea Mays eta Akerjembe Sound Sistemak bertan izanen dira giroa alaitzen.
Gaztetxea bota zutenetik lau urtera, irailaren 14 eta 16an izanen da epaiketa Bilbon. Kukutzako auzipetuen aurka abiatutako prozesuetatik azkena izanen da, eta eskatzen duten zigor kopuruari begira gogorrena ere bai.
Kukutzarekin Elkartasun Taldeak salatu du gaztetxea defendatu zuen jendea epaitzen ari diren bitartean, epaitu gabe geratuko direla “espekulazio higuingarria egin duen Cabisa enpresa, maniobra espekulatibo antisozialetan ardura osoa duen eta Kukutza botatzeko indar guztia egin duen Bilboko Udala eta PNV alderdia, Errekalden hiru egunez terrorea hedatu zuen Ertzaintza eta erakunde hauetako arduradunak”.
Autogestioaren, okupazioaren eta gaztetxeen alde mobilizatzeko deia egin diete jendarteari larunbaterako, eta Donostiako Kortxoenea Gaztetxeari ere babesa adierazi diete.
Mobilizazio egunerako deialdi bateratua egin dute Donostian eta Bilbon. Gipuzkoako hiriburuan, manifestazioa eginen dute larunbatean Kukutzako auzipetuei babesa adierazteaz gain Kortxoenea Gaztetxea defendatzeko. 17:30ean abiatuko da mobilizazioa Boulevarretik
Irailaren 4ean Donostiako Gros auzoko gaztetxea eraisten saiatu ziren. Eraikinaren jabeak hondeamakina bidali zuen hara, baina gerturatutako jendearen babesak eta protestek atzera bota zuten eraistea.
Kortxoenea errekuperatu dute gazteek, eta hura defendatzeko hautua egin dute. “Kultur ereduen arteko talka argia da. 2016ko Europako Kultur Hiriburutzan sartzeko hilabete gutxi falta direla, Kortxoenea Gaztetxea bezalako gune kulturala eraitsi nahi izatea oso larria dela uste dugu”, adierazi dute gaztetxeko kideek.