argia.eus
INPRIMATU
Kukutza gaztetxearen ondorengoa okupatu dute Bilbon
  • Ostegun gauean zabaldu da albistea sare sozialetan: "Bilboko Errekalde auzoak gaztetxe berria lortu du".

Axier Lopez @axierL 2014ko uztailaren 04a
Iosu Lizarralde (Twitter: @ilizarra) Iosu Lizarralde (Twitter: @ilizarra)

Euskal Herri osoan sona lortu zuen Kukutza III gaztetxea eraitsi zutela hiru urte beteko dira aurtengo irailean. Auzoko gazteek egindako okupazioa hutsune hori betetzera dator, okupazioan parte hartu duen kide batek ARGIAri adierazi dionez.

Ostegunean Gazte Eguna ospatu zuten Errekalden eta auzoko Gazte Asanbladak erabaki zuen aspalditik eztabaidetan agertutako ideia gauzatzeko egun egokia izan zitekeela: auzoari gune autogestionatu berri bat eskaintzea. 21:00etan plazatik abiatutako kalejira Moncada kaleko fabrika baten biltegiaren aurrean bukatu zen. Gazte Asanbladako kide batzuk goizean eraikin horren barrura sartu ziren eta, kalejiraren etorrerarekin batera, Errekaldeko gaztetxe berriaren ateak ireki zituzten.

Gazte Asanbladako Anderrek azaldu digunez, eraikin hau ia 20 urtez hutsik egon da. 1995etik hona, hain zuzen ere. Datozen egunetan lan handia izango dutela adierazi du, bi solairu dituen eraikinaren barrualdeak garbiketa eta moldaketa behar ditu eta.

Kukutza gogoan

Gaztetxe berriko kide guztiek gogoan dute orain dela hiru urte hustu eta eraitsi zuten Kukutza III gaztetxea, baina gazte asanbladako kideek proiektu berri bati ekitea erabaki dute.

Aldeko eta kontrako iritziak izan badira ere, gaztetxe berria ez da Kukutzaren luzapen hutsa izango. Hau da, oraindik erabakitzeke dagoen izena izango du, eta ez Kukutza IV.