Carroren ustez denborak arrazoia eman die usurpazio delitua egozten zieten 23 lagunei. “Lurren jabe den enpresa eraikitzaileak zoru horretan ez zuela ezer eraikitzeko asmorik baieztatu digute eta ez zegoela justifikatuta eraikina husteko egon zen presa”. Bestalde, usurpazioa leporatzeak ez zuela “inolako zentzurik” gehitu du abokatuak, Kukutzarena “okupazio publikoa” zelako eta bertan egiten ziren jarduera batzuk diru-laguntza publikoak jasotzen zituztelako.
Elkarrizketan adierazi duenez, argi du Kukutza eraisteko erabakiaren atzean “asmo politikoak” zeudela. “Proiektu hau desagerrarazteko asmoa zegoen guztiaren atzean”, argitu du Carrok.
Froga bisualik gabe epaitu da, ordea, Kukutzan blokeatuta zeuden eskailera batzuen harira gertatu zen istilua. Eskaileretako blokeoa kentzen sei ordu eman zituzten ertzainek eta ez dago ondoren izan ziren lau orduko liskarren irudirik. Soilik, ertzain baten testigantzan oinarritzen da epaia eta ertzainen artean “kontraesan ugari” zeuden Carrok adierazi duenez. “Ertzainek pilota bakarra bota omen zuten lau orduz iraun zuten istiluetan eta soilik pertsona bat identifikatu zuten, pilota batek belaunean eman ziolako”. Epaia errekurrituko dute baina errekurtsoa onartuko ez balute, kondena bete beharko luke zigortuak.
Beste epaiketa baten esperoan
Oraindik beste epaiketa bat geratzen da irekita Kukutzarekin lotuta. Hemen, Kukutza eraitsi ondoren izan ziren istiluengatik 20 gazte daude akusazioekin. Kasu honetan ere ertzainen testigantzak dira froga bakarra. Oraindik ez dago epaiketa honen data finkaturik.