“Berri mingarriak ditugu”, adierazi dute Kukutzarekin Elkartasun Taldeko kideek ostegunean egindako prentsaurrekoan. “Duela lau urte Kukutza lapurtu ziguten berdinek gure lagunak erasotzeko duten asmoaren aurrean, beste elkartasun olatu bat piztu behar dugu”, adierazi dute.
Otsailean publiko egin zen epaia eta bertan pertsona bati hiru urteko kartzela zigorra ezarri zioten eta 23 kide absolbitu egin zituzten usurpazio delituagatik. Prentsaurrekoan jakinarazi dute fiskalak errekurritu egin duela kide horien absoluzioa.
Horrez gain, beste 19 pertsona epaituko dituzte eta 18 eta 30 hilabete arteko kartzela zigorra eskatzen diete. Hauetako biri, erresistentzia delitua ere egozten diete, beste 8 hilabeteko kartzela eskakizunarekin. Irailaren 14 eta 16an izango da epaiketa eta aurreko larunbatean, mobilizazioa deitu dute.
Errekalde auzoko Kukutza gaztetxearen hustea oso polemikoa izan zen, eta gaztetxea eraisteaz gain, istiluak izan ziren eta hainbat lagun zauritu zituzten Ertzainek.
Informazio gehiago argia.eus/kukutza kanalean. ARGIAn Kukutzari buruzko bideo erreportajea egin genuen.