argia.eus
INPRIMATU
Kukurrukuak Confebasken alde?
  • Eusko Jaurlaritzak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuaren bitartez, xantaia sistematikoa egin du langileen aurka krisi ekonomikoa hasi zenetik, eta  Covid-19rekin areagotu baino ez du egin Confebask enpresarien elkartearen aldeko jarrera.

Juan Mari Arregi 2020ko irailaren 24a
Arantxa Tapiak adierazpen polemikoak egin zituen 'Egun On Euskadi' ETB1eko programan (arg.: Irekia)

Tapiak sektore pribatuan langileen soldatak jaistea eskatu du berriz ere, enpleguari eusteko neurri gisa; ez da lehen aldia izan, ezta azkena izango ere, seguruenik. Enpresen itxiera eta deslokalizazio iragarpenen aurrean, langileek soldatak murriztu edo lantokiz aldatzea aukeratu beharko dutela ere esan izan du.

Sailburuari ez diogu inoiz entzun akziodunen dibidenduak edo Euskal Herrian gutxi ez diren enpresa handietako presidente eta zuzendarien milioi askoko nominak murrizteko eskatzen. Eusko Jaurlaritzak duen espezialista onena da, langileen aurkako eta Confebasken aldeko mezuak jaurtitzen, Kapitalari mesede egiteko.

Orain, EAJ eta PSE-EEren arteko koalizio gobernuarekin, lehendakariordea eta Lan sailburua alderdi sozialistakoak dira. Idoia Mendiari galdetu beharko litzaioke ea ados dagoen Jaurlaritzako bere kideak erabiltzen duen hizkera xantaiatsu horrekin. Hala ez bada, eguneroko ekintzen bidez frogatu beharko du,  bestelako neurri sozial eta ekonomiko batzuk aurrera eramanez. Adibidez, eragile sozialekin hitz egiteko mahaia eratu nahi badu, lehenik eta behin onartu beharko du albo batera utzi beharko dituela Iñigo Urkulluren gobernuak Confebasken zerbitzura orain arte egindako kukurrukuak eta politika publikoak.

Idoia Mendia, ados al zaude Arantxa Tapia zure gobernukidearen xantaiekin?