argia.eus
INPRIMATU
Kuku Mari Domingi!

Maridomingi taldea Olentzeroren lagunak 2023ko otsailaren 27a

Jalgi hadi kanpora!

Azkenean jalgitzen zara zure kutxatik, berrehun urtez gordea, kukutua, tirante baten barnean atxikia.

Denak zutaz mintzo negubururo azken 30 urtez baina kasu eginez zuri, ez du itzalik ekarri behar Olentzerori.

Hor dugu XXI. mendea, parekotasuna, berdintasunaren mendea eta Mari Domingi harro bere lekua eskuratzen.

Mari Domingiri joanago eta gehiago fama hazten ari zaiola ohartu gara. Haurren solaskide eta helduen solasgai, gero eta leku handiagoa hartzen ari da Ipar Euskal Herriko plazetan, eskoletan eta prentsan.

Arrakasta honek erakutsi digu neguburuaren garaian segurik bere lekua egiten ari duela gaur egungo jendartean. XIX. mendeko kantu batean luzaz lo egonik, horra non, 2012tik, gorputz eta haragi agertzen zaigula, berdintasunaren izenean, Olentzerorekin eskuz esku haurrei argiaren magia zabaltzen.

Zer gertatu ote zaio Olentzero donadoari bat-batean gona gorridun emazte gazte eta panpox batekin maitemintzeko? Ez ote zuen konpainia aski bere astoarekin? Ez ote zion laguntza herriko aspaldiko Piarres lagunari eskatzen ahal?

Olentzerok ez zuen uste emazte baten laguntza ukaitean, batzuek haren emaztetzat hartu zutela. Mari Domingi Olentzeroren partaide berria da, nehola ere ez esposa edo bikote laguna.

Eta Olentzero zinezko gizona ote da, eta Mari Domingi emaztea?

Itxarok ezagutzen al du Mari Domingo?

Olentzeroren lagunak, Maridomingi taldea