argia.eus
INPRIMATU
Kuku kontutan
  • Aurten zeharo kezkatuta nago: kukuak ez du egin kuku. Egun pare batez entzun genuen, baina handik atzera kuku-soinurik ez dugu izan gure bailaratxoan. Kukutik kukura, urtero gaizki ohituta ginen nonbait kukuaren kuku-kukura, neguaren amaierarekin piztu eta egun luze-beroetan mututzen zen kantura.

Jakoba Errekondo 2021eko ekainaren 17a

Gurean kukuak zeresana emana du. Mugarri nabarmena ezartzen du egutegian. Kukua etorri eta eguna ederki luzatzen da, baita gehienon irria ere. Kulturan eta hizkuntzan seinale da. Hizkuntza kontuak beste batzuentzat utzi eta hona hemen kulturako batzuk.

Badakigu kultura kaosa dela, eta eskerrak, izan ere kaosik gabe zer kultura litzateke? Ba gure kulturako landareetan izugarrizko anabasa dugu: kukua gora kukua behera. Eguraldi aldaketak eta gure paisaiaren izerdi berritzeak ekartzen dute kukua udaberriko ekinozioan; kuku-belarrak (Aquileguia vulgaris) loreak ireki eta ubel koloreko “zatoz” goxo bat esaten dionean. Poetak, bere eromenean, alderantziz ikusiko du, kukua dator bere hegaldi bizkorrarekin paisaiak eta loraldiak ernatzera. Hegaldi bizkor hori berezia du kukuak, ia dena bezala: arraren kantu hori, kumeak hazteko alferkeria eta horren ondorioz beste hegaztien habietan arrautzak jarri eta haiek parasitatzea... Nekazariari eta naturatik hurbil xamar bizi denari aukera polita eskaintzen dio kukuak, eta horrek ekarri du anabasa. Kukua hemen den garaian loratzen diren landareei jarritako izen anabasa. Izena jarri zaienekoa ez da ez izango anabasa, baina erabiltzaileok anabasten dugu landare izendegia.

Aipatu berri dugun kuku-belarrari (Aquileguia vulgaris) esateko, beste bi izen behintzat ezagutzen ditut: laufraka eta zeinu-lilia. Laufraka, loreak dituen lau mutturrengatik, eta zeinu loreak behera begira ezkil itxura duelako edo kukuari etortzeko egiten dion zeinuagatik, edo... Zeinu-belarra ere esaten zaio ama birjinaren eskularruari. Horren izen zientifikoa jartzera ez naiz ausartzen, baina guk kuku-praka esaten diogunari (Digitalis purpurea) hala esaten zaio gu kolonizatzen gaituzten erdaretan: gazteleraz guante de las virgen eta frantsesez gant de notre dame.  

Kuku-prakak izen asko du gurean: asto lore edo astolili, kuku-lore, kuku-porru, joane-belar, azkutai, sukar-belar eta ditare-lore behintzat bai. Astolili beste zenbaitzuei ere esaten diegu: mitxoletari (Papaver rhoeas), oin-lodi edo peoniari (Paeonia spp.), dragoi-muturrari (Antirrhinum spp.) eta anbulu gaizto edo lilipa arruntari (Narcissus pseudonarcissus). Mitxoletari ere kuku-belarra esaten zaio. Anbulu gaiztoa edo lilipa arruntari kukupe ere esaten zaio.

Haritzean (Quercus robur) ere kukuari deitzen diote kuku-sagarrek, gero kukua mututzen denean kuku-balak bihurtuko dira.

A zer kuku-saltsa! Hizkuntzarekin aritzen direnei galde egin beharko diegu eta, kukupean hartuta, hiztegiak borobildu, kaosaren alde, noski.