argia.eus
INPRIMATU
Kuban 1,1 milioi herritarrek jada hartu dute txertoaren lehen dosia
  • Maiatzaren 20a arte 1,1 milioi herritar baino gehiago zeuzkan jada lehen dosiarekin txertatuta Kubako osasun sistemak. Jakina denez, Kuba bere txerto propioak ari da ekoiztu eta probatzen, itxaron gabe Mendebaldeko korporazio handiek sortu dituzten txerto pribatuei eta fiatu gabe herrialde aberatsek pobreei laguntzeko antolatu duten Covax donazio sisteman. Kuban sortutako Soberana 02 eta Abdala txertoak froga klinikoen azken fasea amaitzear dira, baina uhartean bizi duten Covid-19 beroaldiari aurre egiteko larrialdi mekanismoetan babestuta ari dira ematen txertoak bai oinarrizko zerbitzuetako langileei eta pandemiak gogorren jipoitutako auzoetako jende zaurgarrienei.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 28a
Emakume gazte bat Abdala txertoa hartzen Habanan. (Argazkia: ACN)

Europa Press agentziak zabaldu duenez, maiatzaren 20a arte Kuban 1.115.335  herritarrek hartua zuten Soberana 02 edo Abdala txertoen gutxienez lehen dosia. Uharteko agintariek txertaketari bultzada berezia ematea erabaki dute Covid-19aren eraso berri baten aurrean daudelako. Grafikoki azaltzeko, Kuban koronabirusak apiril osoan 229 jende hil bazituen, maiatzaren 20rako kasi heriotza kopuru berera iritsiak ziren, 223.

Kubatarrek homologatzeko bidean dauzkaten txertoen artean Soberana 02 eta Abdala dira aurreratuenak, jada maiatz honetan amaituko dituzte 3. faseko proba klinikoak eta horien emaitzak aztertu ahala espero dute txertaketa masiboari ekiteko argi berdea. Alabaina, Covid-19ak udaberrian ekarri duen kutsatze eta heriotza uhin berriari aurre egiteko, osasun protokoloek aurreikusten duten beste erabaki bat hartu dute Habanako agintariek: Intervención Sanitaria deitu larrialdiko esku hartzea deituta, proba klinikoetan erabilitako txetoez gain askoz era masiboagoan ari dira txertatzen bai osasun sistemako langileak eta bai koronabirus beroaldi gogorrenak nozitzen ari diren eskualdeetako populazio jakin batzuk, hala nola Habanako zenbait auzunetan eta Matanzas eskualdean.

Habanan bertan, agintariek informatu dutenez, txertoak ezartzeko 1.117 gune antolatu dituzte, bertan lanean ari direla 9.000 mediku, erizain eta gainerako langile. Eta salbuespen egoera moduan egiten ari diren txertaketaren estandarrak zaintzeko etika batzordeak martxan daude, erabaki bakoitza aurretik eztabaidatzen dutenak.

Soberana 02 txertoa bi dositan ematen da eta agintariak probetan ematen ari dira hirugarren dosi bat Soberana Plus delakoarekin. Abdala, Irango errepublikarekin elkarlanean sustatua, hiru dositan ematen da. Azken honek jada 3. faseko proba klinikoak bukatuta dauzka, boluntarioek hiru dosiak hartuta, eta orain emaitzak ebaluatzen ari dira. Agintariek txerto bideoz eta telebistaz zabaldu dituzte bakoitzaren orain arteko emaitzak eta horiek hartzaileen artean eragindako alboko arazoak, denak larritasun berezirik gabeak eta jasangarriak, agintarien esanetan.