argia.eus
INPRIMATU
Kubako Soberana 02 txertoak %62ko eraginkortasuna dauka, azken dosiaren faltan
  • Kubak COVID-19aren kontra garatzen ari den txertoetatik aurreratuenak, Soberana 02 deituak, %62ko eraginkortasuna erakutsi du proba klinikoetan, Miguel Díaz-Canel Bermúdez lehendakariak iragarri duenez. Emaitzak gainditzen du Osasunaren Mundu Erakundeak bere oniritzia emateko txertooi eskatzen dien %50eko efikazia.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 21a
Finlay institutuko ikerlariak Soberana 02ren eraginkortasunaren emaitzak aurkezten prentsaren aurrean ekainaren 19an. (Argazkia: Cubadebate)

Kubak proba klinikoetan sartuta dauzkan txertoetan aurreratuenak, Soberana 02 izenekoak, lehen bi dosiak hartu dituzten pertsonen artean erakutsi du %62ko eraginkortasuna daukala. Hala zabaldu du txertoa sortu duen Finlay institutuak eta berretsi du Kubako lehendakariak. Hala ere, zientzialari kubatarrek espero dute txerto horrentzako diseinatu duten prozesu osoak azkenean emaitza are hobea eskaintzea, proba klinikoetan hiru dosi ipintzen baitizkiete parte hartzen ari diren boluntarioei, Soberana 02 bi dosi eta Soberana Plus dosi bat azkenean. Osasunaren Mundu Erakundeak bere oniritzia emateko txertooi eskatzen die %50eko efikazia lortzea.

Miguel Díaz-Canel Bermúdez presidenteak kubatarrak zoriondu ditu lorpenagatik, uhartean Gurasoen Eguna ospatzen dela baliatuz:

Lehendakariak esan duenez, "emaitzok zinez goresten dute gure nazioa, gure kubatartasuna, eta emaitza askatzaileak ere badira, hauek lortu baititu herrialde txiro eta era basatian blokeatu batek, azken urte eta erdi hauetan aurre egin behar izan dienak eraso eta ekintza zitalei".

Txertoa sortu duen Finlay institutuko zuzendari Vicente Vérez Bencomok hedabideei adierazi dienez, Kubaraino iritsi diren SARS-Cov-2 birusaren andui ezberdinen artean egiten dira probak eta horrek are eta baikortasun handiagoa ematen die osasun arduradunei, emaitzek horien aurkako eraginkortasuna erakusten dutelako, ez soilik hasierako anduiekikoa. Bestalde, Vérez Bencomok gaineratu duenez, aste gutxiren bueltan ezagutuko da hiru txerto dosiak osorik hartuta (Soberana 02 bi dosi gehi Soberana Plus dosi bat) lortzen duten eraginkortasunaren datuak, berriro azpimarratuz hirugarren dosiaren faltan lortutakoarekin Soberana 02k gainditu dituela OMEk eskatzen dituen emaitzak.

Datozen asteetan Finlay institutuak txertoak herritarrei modu masiboan ematen hasteko baimena eskatuko dio Kuban botiken legeztatzea kontrolatzen duen Cecmed erakundeari. Eta laster azaldu behar dute ere Kubako beste talde bat, Kubako Ingeniaritza Genetiko eta Bioteknologia Zentroa, proba klinikoetan sartuta dauzkan Abdala eta Mambisa txertoen eraginkortasunaren datuak.

Bitarte horretan, Kubako agintariek jarraitzen dute COVID-19aren arrisku handiena daukaten herritarrak txertatzen Soberana 02 eta Abdalarekin, larrialdi egoeretan legediak baimentzen dien mekanismoa erabiliz. Horrela, ekainaren 17a arte 2.187.097 kubatarrek hartuta zeukaten lehen dosia, bi dosiak 1.513.973k eta hirugarrena 835.812k.