argia.eus
INPRIMATU
Kubako osasun langile gehiago iritsi dira Italiara, oraingoan Turinera
  • Laguntzeko asmoz, Kubako medikuz eta erizainez osaturiko bigarren brigada bat iritsi da Italiara. Koronabirusak gogor jo duen Lombardian lanean jarraitzen du lehenengo brigadak eta Turingo Piamonte eskualdean da bigarrena.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 14a
Argazkia: Heidy Villuendas

Zehazki, 21 mediku, 16 erizain eta koordinatzaile logistiko bat bertaratu dira, Kubatik. Turingo herritarren esker ona jaso dute boluntarioek. Bizitzak salbatzea eta ahal dutenean laguntzea da asmoa; izan ere, beste herriak laguntzeko helburu humanitarioa dutela azpimarratu du Bruno Rodríguez Kubako kantzilerrak.

Blokeoaren eta kritika ugariren jomuga izan ohi da irla, baina ez dago ukatzerik: Kubak osasungintza indartsua dauka. Mila herritarreko bederatzi mediku ditu eta uztailean beste 9.000 graduatuko dira. 84.000 erizain (eta profesio hori hautatu duten beste 34.000 ikasle) ere baditu herrialdeak.