argia.eus
INPRIMATU
Kubako mediku-misioak Washingtonen jomugan
  • Donald Trumpen gobernuak salatu du Kubako nazioarteko mediku-misioak arazoi politikoengatik sortuak direla. Horrez gain, NBEko bi errelatore berezik idatzitako gutunak baliatuz, programa hauetan “esklabotza era modernoak” ezartzen direla adierazi du.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko otsailaren 18a
Kubako medikuak Venezuelan.

Kubako iraultzaren garaipena eta gutxira jarri ziren martxan nazioarteko mira duten medikuntza programa hauek. 1963ko maiatzean hasi eta gaur egunera arte, Kubak 600.000 kubatar inguru bidali ditu gutxienez 160 herrialdetara, Kubako Kanpo Harremanen Ministerioaren arabera. Gaur egun, mundu osoko 60 herrialde baino gehiagotan daude bere programak, ia 40.000 kolaboratzailerekin, horietatik ia 20.000 medikuak.

Orain, Donald Trumpek programa horietan jarri du jomuga, argudiatuz interes politikoak daudela martxan. Kubak interes horiek batez ere Venezuelan dituela azpimarratu du Trumpek, bertan baititu programa gehien. Hori soilik ez, Latinoamerikan gertatzen ari diren aldaketa politikoak baliatu ditu AEBko Gobernuak presioa handiagotzeko. Brasil eta Boliviako misioetako kubatar medikuak herrialdeetatik kanporatuak izan dira, eta Mike Pompeo, AEBtako Estatu idazkariak Bolivia zoriondu zuen.

Horrez gain, Urmila Bhoola eta Maria Grazia Giammarinaro NBEko errelatore bereziek aurtengo urte hasieran Kubako gobernuari bidalitako gutuna baliatu zuten honen aurka egiteko. Kubako Gobernuak, bere aldetik, ez zion erantzunik eman gutun horri. 

Gutun horretan Kubako misio horiek “esklabotasun modernoa” zirela salatzen zuten bi errelatoreek. Programa hauetako parte-hartzea boluntarioa bada ere, kubatarrek bertan parte hartzeko jasaten dituzten presioak azpimarratu dituzte.

Interes politikoak ala ekonomikoak?

Mediku-misio hauek Kubak nazioartean zuen garrantzia handiagotzeko helburuarekin sortu ziren, baina Gobernuaren sinbolo bilakatzen amaitu dute. 2004ean martxan jarritako Operación milagro [Mirari operazioa] programa, egindako misio karismatikoenetarikoa da. Venezuelako eta Kubako gobernuen arteko lankidetzan sortua, Latinoamerika, Karibe, Asia eta Afrikako 31 herrialdetako milaka biztanleri egin zieten begietako ebakuntza. Horrela, beraietako askok ikusmena berreskuratu zuten. Hain da garrantzitsua Kuban, ezen 20 peso bihurgarriko billetean agertzen baita.

Kubako 20 peso bihurgarri.

Misio gehienak herrialde pobretuetan eta baliabide urriak dituzten jendearen artean egiten dira; eta herrialde batzuek ez dute ezer ordaintzen zerbitzuen truke. Baina guztia ez da altruismoa, eta nahiz eta Kubako Gobernuak zerbitzuak eskaintzen dizkien herrialde pobretuetako batzuk ordainetan ezer eman ez, Kubako diru-sarrerarik handiena da zerbitzu horren trukean herrialde batzuengandik jasotzen duena; 6.300 milioi dolar urtean.

Horregatik, AEBen mugimendu berri hau irlaren ekonomia itotzeko ahalegin bezala interpretatu du Kubako Gobernuak.  Hala ere, adierazi dute programa hauek kentzearen kaltetu nagusia jende pobretua izango dela.