argia.eus
INPRIMATU
Kubako hezkuntza munduarentzat eredu dela dio UNESCOk
  • UNESCO Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeko kide Miguel Jorge Llivinak adierazi duenez, herrialde garatuekin alderatuta Hezkuntza Denontzat txostenaren helburuak aurrera ateratzeko Kubak lortu dituen adierazle altuengatik eredugarria da herrialdeko hezkuntza sistema.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2014ko otsailaren 17a
BPGaren %12,9 inbertitzen du Kubak hezkuntzan.

Hezkuntza Denontzat egitasmoak hezkuntza sistemen kalitatea neurtzen du, baita Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, gazteak, helduen alfabetizazioa eta sexuen arteko parekidetasuna, besteak beste.

Egun, 77.000 pedagogok egiten du lan Kuban eta 261.000 lagun daude 104 karreratan matrikulatuta.

Llivinak gogoratu duenez, analfabetismoari aurre egiteko lanean ari dira sektoreko profesional kubatar ugari, hala nola gurasoei zuzendutako Educa a tu hijo (Zure seme-alaba hezi) eta Yo sí Puedo (Nik ahal dut) proiektuen bidez. Eskolatu gabeko helduentzat hiru mailako egitura du Kubako Hezkuntza Sistema Nazionalak: oinarrizkoa, bigarren hezkuntza eta fakultatea.

Inbertsio handia

Iazko datuen arabera, hezkuntzan gehien inbertitzen duten herrialdeen aurretik dago Kuba, proportzioan. Zehazki, Barne Produktu Gordinaren %12,9 bideratzen du hezkuntza sistemara, "hezkuntza politikak garatzeko eta hezkuntza denentzat doakoa izan dadila bermatzeko", azaldu zuen Rodolfo Alarcón Goi Mailako Hezkuntza ministroak. "Muga ekonomiko eta teknologiko handiak izan arren, frogatu da asko egin daitekeela hezkuntza Gobernuaren eta Estatuaren lehentasuna denean", gaineratu zuen.

Munduan hezkuntzan gehien ibertitzen duten herrialdeen artean daude Islandia (%7,8), Suedia (7,3), Norvegia (7,3), Zeelanda Berria (7,2) eta Finlandia (6,8).