argia.eus
INPRIMATU
Kubako herritarrek baiezkoa eman dioten Familiaren Kode berriak sexu berekoen ezkontza eta haurdunaldi subrogatua onartzen ditu
  • Kubako herritarrek baiezkoa eman diote Familiaren Kode berriari (orain arte indarrean zegoena 1975ekoa zen). Bertan onartzen dira sexu berekoen ezkontza eta hauek haurrak adopzioan hartzeko aukera, haurdunaldi subrogatua arautzen du eta 18 urtez beherakoen ezkontza debekatzen. 1959ko iraultzatik herrian antolatu duten hirugarren erreferenduma izan da: hauteslegoaren %69k hartu du parte eta hauetatik %66,87k bozkatu du kode berriaren alde.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 27a

Familiaren Kode berriak aintzat hartzen du sexu berekoen ezkontza, sexu berekoek haurrak adoptatzeko aukera eta osasun sistema publikoak ugalketa lagundua eskaintzea. Eskubideak bozketara eramatea marka dela seinalatu du hainbatek (ikus Axier Lopezen analisia: homosexualak, Eliza Katolikoaren beste jostailu bat).

Haurdunaldi subrogatua "solidario" izendatua

Haurdunaldi subrogatua onartu du Familia Kode berriak: "haurdunaldi solidarioa" izendatzen du eta haurdun gelditu ezin dutenentzat legezkoa izango da: gaixotasunen bat dutenentzat, edo aita-bakarra izan nahi dutenentzat, edo bi gizonezkok guraso izan nahi dutenentzat. Haurdun geratuko den emakumeak guraso izango direnen gertukoa izan beharko du eta ezingo da diru trukerik egin, "haurdunaldiak eragindako gastuak salbu".

Adingabeen ezkontzak debekatuta

Orain arte 14 urtez gorako emakumeek eta 16 urtez gorako gizonek ezkontzeko aukera zuten Kuban. Aurrerantzean 18 urte izan arte ez dute aukerarik izango.