“Herrialde bat modernizatzeko modurik onena adierazpen-askatasuna sustatzea eta smartphoneak eta informazio erremintak kubatarren eskura jartzea da”. Horixe idatzi du Eric Schmidt Google enpresako presidenteak sarean Kubara egindako bisita baten ondoren.
Schmidtek Habana bisitatu zuen, beste hainbat herrialde bisitatu dituen bezala, bere hitzetan, "Internet aske eta irekia sustatzeko helburuarekin". Irlara egindako bidaian Kubak teknologia berriak garatzeko duen azpiegitura pobrearekin topo egin zuen: “Kuba 1950eko hamarkadan harrapatuta bizi bada, bertako Internet 1990ekoan” dagoela adierazi du.
Hoteletan eta nabigazio gune publikoetan bakarrik erabili daiteke Internet, eta tarifak garestiegiak dira herritar askorentzat. Etxean konexioa izateko aukera profesional batzuk bakarrik dute, adibidez, medikuek eta kazetariek.
“Blokeoak ez du zentzurik AEBetako interesentzat”
AEBek 50 urte baino gehiago daramatzate Kuba ekonomikoki blokeatzen. Schmidten ustetan bi herrialdeek euren jarrera aldatu behar dute arazoarekin bukatzeko, eta soluzio bat proposatu du: “Kubak bere ekonomia politiko eta komertziala zabaldu beharko luke eta AEBek blokeoa bertan behera utzi”.