argia.eus
INPRIMATU
Kubak xiringak behar ditu azken fasean dituen txertoak banatzeko
  • Kubak Soberana 2 eta Abdala txertoak azken fasean ditu eta maiatzean entsegu kliniko handi bat egitea aurreikusten dute. Horretarako, xiringak eta orratzak behar dituzte eta Kubak nazioarteko elkartasunerako deia egin du merkatuan erosten laguntzeko. 

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko maiatzaren 03a

Ilana Morales Kubako Osasun Ministerioko Zientzia eta Berrikuntza zuzendariak adierazi duenez, ekainean amaituko dira Soberana 2 eta Abdala txertoen entseguak. Irlako Gobernuak patenteak zabalduko zituela agindu zion munduari, eta Soberana 2, aste honetan hasi da probatzen Iranen, 3. faseko entsegu batean, 24.000 pazienterekin.

Bi txerto horiek azken fasean daude eta maiatzean entsegu kliniko handi bat egin nahi dute Habanan. Soberana 2-k martxoaren 4an hasi zituen probak Habanan eta hirugarren fasean 44.000 boluntariok hartu zuten parte. Abdalak ordea, 48.000 boluntario izan ditu Santiagon, Granma eta Guantanamon. Abuztuan biztanleriaren erdia baino gehiago immunizatua egotea espero da, eta egungo saiakuntza klinikoek indartu egingo lukete hori.

Kubak arazoak dauzka horretarako, izan ere, txertaketa-plana aurrera eramateko xiringak eta orratzat erosi behar dituela adierazi du Moralesek. Kubak nazioarteko elkartasunerako deia egin du nazioarteko merkatuan erosten laguntzeko. Kanadatik bi milioi bidali dituzte eta Europan hamar milioi erosteko kanpaina egiten ari dira. Kubako biztanleria osoa txertatzeko 25 milioi xiringa behar dira eta kanpaina indartsu hasi dela dirudi.

Sodepaz elkarteak Kubarekiko Elkartasunerako Estatu Mugimenduaren erakundeei, alderdiei eta beste erakunde batzuei, Los Bloqueos matan tu solidaridad da vida leloarekin kanpaina honetan parte hartzea proposatu die. Euskal Herriaren kasuan, Sodepaz eta Euskadi-Kuba elkartea lanean ari dira Espainiar Estatutik milioi bat xiringa bidaltzeko.