argia.eus
INPRIMATU
Kubak jada bere herritar guztien laurdenari jarri dio Covid-19arentzako txertoaren lehen dosia
  • Kubako osasun sistemak herrialdean bertan sortutako bakunekin jada txertatu ditu hiru milioi pertsona baino gehiago lehen dosiarekin eta txertaketa prozesua osatu dutenak (hiru dositan ematen dira Soberana 02 eta Abdala) 1.862.000 dira. Berrikitan Kubako osasun agintaritzak osoki legeztatu du Abdala larrialdi egoeran erabiltzeko eta Soberana 02 baimen bera lortzeko bidean da.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 14a

Maiatzetik hona Kuban abiadura hartu du Covid-19aren kontrako txertaketak. Erabili diren dosien inguruko datu honek balio lezake erakusteko: maiatza artean Soberana 02 eta Abdalaren 500.000 dosi inguru ezarriak zizkieten ordura arte edo txertoen proba klinikoetan edo Eskuhartze Azterketan (Estudio de Intervención, osasun sistema kubatarrak) parte hartu zutenei. Maiatzean agintariek erabakirik txertaketa azkartzea Osasun mailako Eskuhartzea (Intervención Sanitaria) deitu fasea ezarriz, uztailaren 10erako Kubako herritarren laurdenak lehen dosia bederen jasota zeukan.

Zehazki honela dago txertaketa Kuban, uztailaren 10eko datuekin: txertaketa pauta osoa (hiru dosi) hartuta dauka 1.862.930 pertsonak, hirutik bi dosi hartuak ditu 2.560.750ek eta oraingoz lehen dosia hartuta daude 3.045.823. Denetara osasun sistema kubatarrak 7.469.503 dosi ezarri ditu.

Our World in Data estatistika zerbitzuak eskaintzen ditu datuok, grafiko adierazgarriz azalduta. Honako grafikoan alderatu daiteke Kuban osoki txertatutakoen kopurua munduko beste zenbait herrialde indartsuetakoarekin:

Irudia: Our World in Data.

Grafikoak erakusten duenez, nabarmena da maiatz amaieran uhartean oso gutxi zirela txertoaren protokoloa osorik betetakoak, populazioaren %1,3 baizik ez maiatzaren 31n. Hilabete eta erdiren buruan, uztailaren 11n, biztanleen %16,7 zeuden txertoz immunizatuta. Konparazioa egiteko, egun horretan Espainian dosi guztiak hartuta zeukaten jendeen %46,6k eta Frantzian %37,5ek. Grafikoan Kubaren marrak daraman gorakada azkarra benetan da nabarmena.

Txertaketak Kuban hartu duen abiadura lotuta dago uztail hasieran gertatutako –eta Euskal Herrian batere oihartzunik eduki gabeko– beste bi albisterekin. Alde batetik, Soberana 2 osatuta Soberana Plus hirugarren dosi batekin, iristen dela koronabirusaren kontrako %91eko eraginkortasuna gainditzera. Bestetik, Kuban botiken arautzearen ardura daukan Cecmec erakundeak larrialdian erabiltzeko baimena eman diola Abdala txertoari (ekainean jakinarazi zenez, %92ko eraginkortasuna gainditzen duenari). Cecmec da Kuban edozein botikaren erabilera baimendu edo ukatzen duen erakundea, munduko edozein herrialdetan diren pareko erakunde publikoen baliokidea.

Komeni da ez ahaztea AEBen bultzadaz, eta Nazio Batuen Erakundearen batzarraren boto ia unanimearen kontra, azken hamarkadetako blokeo ekonomiko gogorrena ari dela nozitzen Kuba, Donald Trumpek bere agintealdiaren azken hilabeteetan ezarritako zigorrak Joe Bidenek milimetro batean ere arindu ez dituelako. Horrela gertatu da honako paradoxa ere: Kuba gai dela bere txerto propioak ekoiztea zailtasun guztien gainetik... baina herritarrei horiek jartzeko behar diren xiringak hein batean lortu behar dituela nazioartean bere alde mobilizatutako herritar eskuzabalei esker.

Covid-19aren beroaldi handi samarra ari da sufritzen Kuba azken asteotan, pandemian orain arte ezagutu gabeko kutsatu, ospitaleratu eta heriotza kopuruekin. Worldometers estatistika zerbitzuaren kalkuluetan, uhartean uztailaren 13a arte koronabirusak kutsatu ditu 250.527 pertsona eta horietatik 1.802 hil. Milioi bat biztanleko 142 heriotza eragin ditu (Espainian 1.732 eta Frantzian 1.703).