argia.eus
INPRIMATU
Kubak COVID-19aren aurkako txerto propioa garatuko du
  • Uhartea fase berri batera igaro da COVID-19aren aurkako txertoaren bila, ziurrenik datorren urterako prest izanen duena. Soberana izena izango du, herrialdearen burujabetasuna aldarrikatu asmoz.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 20a
Soberana txertoa. Argazkia: Agencia Cubana de Noticias

Kubako ikertzaileek aurrera egin dute COVID-19aren aurkako euren txerto propioaren garapenean. Agencia Cubana de Noticiasek aditzera eman duenez, abuztuaren 24an proba klinikoen fasera pasako dira, baina behin betiko emaitzak ez dira 2021eko otsailera arte argitaratuko.

Egutegia Saiakuntza Klinikoen Kubako Erregistro Publikoan dago argitaratuta, eta bertan adierazten dutenez, bi dosiko Soberana txertoa proba fasean sartuko da datorren astean. 19 eta 80 urte bitarteko 676 pertsonek hartuko dute parte saiakera klinikoan.

Finlay de Vacunas Institutua arduratuko da entseguez, eta urtarrilaren 11 arte arituko dira horretan. Emaitzak otsailaren 1ean egongo dira eskuragarri, baina ez dira hilabete bereko 15. egunera arte argitaratuko.

Miguel Diaz-Canel Kubako presidenteak proiektuaren aurrerapenak txalotu ditu, bertako adituek larrialdiari ere erantzun medikoa emango diotelakoan. Agintariak “txerto propioa izatearen garrantzia” defendatu du, subiranotasun kontua delako.

Kubako Osasun Ministerioak orain arte 3.408 positibo ditu erregistratuta uhartean, asteartean 44 positibo berri atzeman ostean. Guztira 524 pertsona daude ospitaleratuta gaixotasunaren ondorioengatik, eta 88 dira hildakoak.